Jose Javier Barkerok 32 urte bete berri ditu apirilean. 2006an utzi zuen talde txuri-urdina eta bigarren mailako Albaceten aritu zen bi denboralditan. 2008an, Numantziarekin fitxatu zuen, justu lehen mailara igo zenean. Urtebete egin zuten soriarrek goreneko mailan eta joan zen urtean Realaren aurka lehiatu ziren, bigarren mailan.
Iazko udan, Realak lehen mailarako igoera lortuta, txuri-urdinek ahalegindu ziren Barkero fitxatzen, baina Numantziak milioi bat euro eskatu zituen eta Realak ez zuen aretxabaltarra fitxatu. Orain, Numantzian kontratua amaituta, doan ailegatuko litzateke Realera. Bi urterako fitxatuko luke.
Ligako azpi-txapeldun
Barkeroren ametsa da Realera itzultzea; izan ere, ez zitzaion uste bezain ondo atera gauzak etxean. Halere, Realaren azken loraldia ezagutu du, lorpenik nabarmenena, 2002-2003 denboraldian ligan bigarren geratu zenean, Real Madrilen atzetik, talde txuri-urdinean ziharduen-eta. Rekarte arrasatearra eta Arantzabal bergararra izan zituen taldekide orduan. Azken hauek ere ez zuten uste bezain ondo amaitu Realean.
Barkero 20 urtez azpikoenen artean, munduko txapeldun izan zen Espainiarekin, Nigerian, 1999an, Iñaki Saezen aginduetara.
Levante eta Osasuna ere atzetik
Reala ez da Barkero fitxatzeko interesa agertu duen talde bakarra: hedabideetan argitaratu denez, Osasuna eta Levante ere atzetik ditu. Hain justu ere, hedabide batzuek argitaratu dute Levantek fitxatuko duela. Baina Gipuzkoako beste hedabide batzuek diotenez, Barkerok lehen mailan eta Realean, etxean, eman nahi ditu karrerako azkeneko urteak. Horretarako Realak eutsi egin beharko lioke lehen mailari eta liga amaitzeko geratzen zaizkion lau partiduetan, gutxienez beste hiru puntu eskuratu, garaipen bat.
Numantziako golegile nagusia
Numantzian, jokalaririk nabarmen eta erabakigarrienetakoa izan da azkeneko hiru urteotan. Aurtengo denboraldian 14 gol daroatza, taldean gehien sartu dituena da, aurrelaria izan ez arren. Erdian jokatzen du orain, ez ezkerreko hegalean, hasieran bezala. Numantziaren historiako golegilerik onena izateko bi goletara dago.