Ana Bolinaga, Bilduren alkategaia Aretxabaletan: "Bailarako udalek indarrak batzen baditugu, aukera handiagoa izango dugu gure helburuak lortzeko"

Leire Kortabarria 2011ko maiatzaren 10a

Ana Bolinaga (Arrasate, 1966) da Bilduren alkategaia Aretxabaletan. 18 urte zituenetik jaioterritik kanpo bizi izan da, eta azken bostak daramatza Aretxabaletan. Politikan hasiberria da, eta buru-belarri sartu da, zerrendaburu. Herritar guztion elkar-ekintza eta Udalaren eta herritarren arteko gertutasuna egia bihurtu gura ditu.

Soslaia

Heziketa Berezian lizentziaduna da Ana Bolinaga, eta Pedagogia Terapeutikoa da bere espezialitatea. Irakaslea da Luis Ezeiza Herri Eskolan, Eskoriatzan. Bananduta dago eta bi seme-alaba ditu. Politikan berria izan arren, herri-mugimenduetan gaztetandik ibili izan da, eta horrek balio izan dio, bere hitzetan, "politika beste aldetik" ezagutzeko. Idealista aitortzen du bere burua: "Pentsatzen dut Bilduk baduela zeresanik eta zereginik. Posible da aldaketa politiko, sozial eta instituzionala aurrera ateratzea. Mundu hobe baten alde apustu egiten dudalako aurkeztu dut nire burua". 

Politikan sartu berri, eta alkategai!
Bai. Buru-belarri sartu naiz. Jendeak nigan konfiantza ageri izan du; ezagutzen nauenak esan dit gaitasunak baditudala. Alkategaia emakumea izatea ere nahi zuten. Bestalde, herri mugimenduetan ibili izan naiz, eta erreferentzia bat eman dit horrek: badakizu herritar gisa zer gura duzun, zelan planteatu gauzak, zer den elkarlana, kontsentsua… Udalean zaudenean ere hori bera egin behar duzu, herriarendako lan egin.

Zer eskaintzen dio Bilduk Aretxabaletari?

Parte-hartzea eta elkar ekintza oso inportanteak dira guretako. Bi proposamenekin gatoz: bat da herri kontsultak bideratzea. Gu ez gara herritarrak baino jakintsuagoak. 13 zinegotzik edo 6.000 pertsonak, zeinek pentsatuko du hobeto? Herrian denetariko jendea dago. Beharbada herriko iturgin batek daki ze txorrota ipini behar diren obra baten. Zergatik behar dugu ikerketa bat hori jakiteko? Herritarrek dakite eta doan emango digute informazioa. Zertarako bitartekariak jarri? Herri-kontsulta daukagu; herritarrengana hurbildu behar dugu.

Eta beste bat: lan-proiektuetan oinarrituko gara. Zer da? Helburu bat lortu ahal izateko norbanakoen indarrak batzea da: esperientzia, baliabideak, nahiak… Indarrak bilduta, errazagoa da helburu bat lortzea, eta bestetik, herri-kohesioa lortzen da.

Zer proposatzen duzu hirigintzan?

Gure jomuga da garapen iraunkorra: ingurumenaren, garapen ekonomikoaren eta gizarte ongizatearen arteko oreka eta integrazioa. Zergatik? Uste dugulako kohesio horrekin askoz hobeto lortzen dugula herritarren bizi-kalitatea bermatzea, ez bakarrik gaur egungoena, baita ere datozen belaunaldietakoena.

 Heziketa da zure espezialitatea. Zer eskaintzen duzu?

Ez da bakarrik eskolaren ardura: erakunde eragileena ere bai. Kalean, futbol-zelaian, zineman… ere hezitzen da. Guk defenditzen dugu hezkuntza dela oinarrizko eskubide bat, eta hezkuntza doanekoa, publikoa eta laikoa da gure apustu politikoa. Gero, beste eremu askok hezitzeko potentzialitatea dute: kaleak, kultur etxeak, zine programak… Eremu horiek ere erabiliko genituzke pertsonak –umeak, helduak, adinekoak…– baloreetan hezitzeko, euskara txertatuz. Posible da jendea hezitzea herriko baliabideak erabiliz. Adibidez, herriko eremu zabalenak zergatik erabiltzen dira bakarrik futbolerako? Eta berdin kalea, plaza…

Ongizatean?

Diru gehiago erabiliko dugu dirua ongizateko beharrei erantzuteko, hori argi dago. Eta zeintzuk dira Aretxabaletako pertsonen beharrak? Hirugarren adinean, etxe tutelatuen aldeko apustua egiten dugu, eta badaukagu proiektu txiki bat; betiere, kontuan hartuta zenbat diru izango dugun. Elkarbizitza programa bat ere badaukagu: unibertsitatea izango dugula kontuan hartuta, beharrak trukatzea adinekoen eta gazteen artean.

Etorkinen harrera plana ere martxan jarriko dugu. Bestalde, gizarte larrialdiei aurre egiteko dirulaguntza poltsa berezi bat izango genuke. Adingabekoen eskubideak bermatzeko ere lan egingo dugu, jakina.

Etxebizitzan…?

Defenditzen dugu etxebizitza erabiltzeko eskubidea, ez hainbeste jabetza. Hortaz, etxebizitza sozialen alokairua sustatuko dugu eta, tartean, gestio publikoko etxebizitzena: gure programan sartuta dago Udala etxebizitza kopuru baten jabe izatea eta berak kudeatzea haiek, errentan emanez epe jakin baterako. Horrela, prozesu dinamikoa izango litzateke.

Emakumeei begira, zer proposatzen duzu?

Berdintasun plana eta tratu txarren aurkako protokoloa martxan jarriko ditugu. Bestetik, askotariko emakume tlade bat batzen da, eta emakumeon arteko elkar-ekintza bultzatu, sustatu eta babestu egingo du Udalak. Emakumeen arteko harremana egon dadin espazioak egongo dira, jendeak jakin dezan non batzen diren. Eurek egiten dituzten proposamenak batuko ditu Udalak, eurek dakite-eta inork baino hobeto zein den euren errealitatea.


Zeintzuk dira, zure iritziz, Aretxabaletako behar nagusiak?

Ekonomia sustatu behar dugu. Ezin diogu aurre egin gaur egungo langabeziari ekonomia ez badugu sustatzen. Udalak ez dauka maniobratzeko marjina handirik, Europan, Espainian hartutako erabakiek isla zuzena dutelako gure bizi-baldintzetan. Gu oso errealistak gara, ez daukagu makilatxo magikorik, baina gure aldetik ez dugu oztoporik jarriko zero langabezia, denon eskubidea bermatu dadin.

Udalak ezin du ekonomia sustatu, baina bailara bezala funtzionatzen badugu, udalen indarrak bilduz, posible da gu Jaurlaritzara edo Foru Aldundira bailara gisa proiektu funtzional batzuekin gerturatzea eta presioa egitea.

Bestalde, herri biziak nahi baditugu, hemen erosi behar dugu. Erosoa da eta samurra da hemen erostea. Horren inguruko kanpainak egingo genituzke.

Beste behar bat kultura arlokoa da. Kultura bizitza aktiboa izan behar da, eta sormena bultzatu behar dugu. Gure gaztetxoek margolanak egiten dituztela? Goazen hori erakustera. Oso gauza txikia da, baina plazaratzeko aukera izan dezatela. Eta gauza bera musika eskolan, kiroletan, edo norberak egiten duen horretan.

Horrekin jarraituta, oso garrantzitsua da kultura batzorde eragingarri bat sortzea. Lortu behar dugu herritarrekin errespetuz, zentzuz, hurbiltasunez elkar tratatzea.

Garraio publikoaren aldeko apustua ere egiten dugu. Guk jarraituko dugu betikoa egiten –hezkuntzan eragin, talde eragileekin lan egin…– baina hor ere udalen arteko indar-metaketa bat egin behar dugu, eta ez da bakarrik bidegorriak eraikitzea; apustu politiko bat ere izan daiteke. Horretako ere da garrantzitsua garraio publikoan eskaintza bat egotea. Eta hori eskatzera Udala bakarrik baldin badoa, beharbada ez digute kasurik egingo, baina bailara gisa joanda, beharbada kontuan hartuko gaituzte.


Ze gustatzen zaizu gehien Aretxabaletatik?

Oso herri erosoa dela, zentzu guztietan: eskola bertan, zerbitzuak ere inguruan, mendiz inguratuta, hondartza nahiko gertu eta hiriak ere bai… eta bizi-kalitate ona ematen du. Eta gustatzen zait ere herri txikietan elkar ezagutzeko ez dagoela arazorik.

Eta gutxien?

Hiri baten pluraltasuna, eskaintza… hori ez daukala.

Nolako Aretxabaleta amesten duzu?

Diskriminazioaren, langabeziaren, prekarietatearen… aurrean ohitzen ez dena. Ohitzen bagara, oso zaila izango da herria herritar guztiondako eraikitzea. Gustatuko litzaidake ere herria kritikoa eta aktiboa izatea. Eta desberdintasunak errespetatzea. Desberdintasunek aberastu egiten gaituzte eta nahiko nuke jendeak begi horiekin ikustea eta begiratzea, ez aurreiritzien arabera, bat nongoa zaren, ze familiakoa, ze musika entzuten duen, zelan janzten den arabera… Aniztasuna altxortzat hartzen badugu askoz sanoagoak izango gara eta harreman sanoagoak izango ditugu jendearekin.


Alkate izaten bazara, zer egingo duzu lehenengo?

Ospatu egingo dugu, herri honek merezi duelako normalizazio politiko batera iristea. Bestetik, eskerrak emango dizkiet herritarrei. Eta hirugarrenik, eragile guztiekin banan-banan elkartzeko eta elkar ezagutzeko agenda politiko bat egingo dut. Hilero agenda politiko bat egingo nuke: euskara eragileekin, gazteriarekin, kultura batzordea berriz osatu, Basotxoko jendearekin egon… eta hilero batu, ez bakarrik arazoak daudenean.

 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Iñurrategi lorategia. Hona bizi izatera etorri nintzenean, ume txikiak nituen eta eurekin irteteko lekua zen niretako; nire lorategi pertsonal antzekoa zen.

Herritar bat: Ez bakarrik Aretxabaletakoak: mundu guztiko amak. Ez zaie inoiz errekonozimendu publikorik egiten, eta inork merezi badu, eurak dira, amak.

Pertsonaia Historiko bat: Pentsamendua zabaltzen lagundu dutenak.

Telebistako saio bat: Ez dut telebista ikusten.

Sare sozialetan ibiltzen zara? Ez. Oso praktikoak iruditzen zaizkit, batez ere urruti daudenekin kontaktuan jarraitzeko, baina nire lagun onenak gertuan ditut.

Interneten zein web-gune bisitatzen duzu? Hezkuntzaren gainekoak, batez ere.

Irakurri duzun azken liburua? El déficit de atención sin fármacos, Gladys Veracoechearena.

Zein egunkari erosten duzu? Gara eta Berria.

Eta zeintzuk irakurri? Ahal dudanetan, bestelako prentsa irakurtzen dut: El Diario Vasco dela, El País dela

Ikusi duzun azken filma? Río, seme-alabekin.

Abesti bat? Lagunei zor diedalako, hauxe: Txosnetan blai.

Mania bat? Hortzak oso sarri garbitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak