Zer da Dolertako Ama txirrindularitza elkarteak egiten duena?
Gazteenagan txirrindularitza zaletasuna sustatzea da elkartearen helburua. 10 eta 18 urteko gazteek kirol honetaz gozatzea eta txirrindularitza praktikatzeko erraztasunak jartzea da gure helburua.
Dorletako Ama elkarteak hiru talde ditu bere baitan.
Errepideko, mendiko bizikletako eta ziklokros taldeak ditugu. Talde bakoitzak antolaketa propioa du, babesle eta txirrindulariak ditu, nahiz eta, aurten, bi txirrindulari bi modalitatetan parte hartzen dabiltzan. Normalean, ziklistak errepidean hasten dira, eta nagusiagoak direnean batzuk mendiko eta ziklokroseko taldera pasatzen dira.
Taldeko gazteenak 10 urterekin asten dira txirrindularitzan. Zer nolako frogak egiten dituzte adin horretako umeek?
10 urteko umeekin trafikorik ez dagoen lekuan ibiltzen gara, industrialdeetan batez ere. Adin horretako ziklistek bizikletan ibiltzen ondo ikasi behar dute eta horretarako aproposena zirkuitu itxiak dira. 14 urte dutenean errepideetara salto egiten dute.
Zenbat txirrindularik osatzen dute Dorletako Ama?
Guztira 30 ziklistek osatzen dute taldea. Horietatik 17 errepidean dabiltza, 10 mendian eta 3 ziklokrosean. Baina, lehen esan bezala, baditugu bi modalitatetan ibiltzen diren txirrindulariak.
Denboraldi hasiera ona egin duzue. Orain arte egindakoa nola baloratzen duzue?
Denboraldi hasierako balorazioa positiboa da. Aurre-denboraldiko lana ondo egin dugu eta egindako lanaren emaitza da denboraldi hasiera.
Denboraldi honetan zuen txirrindulari batzuk errepidean eta mendian aritu dira. Ba al dago arrazoi berezirik?
Errepidean zein mendian aritzen diren bi txirrindulari ditugu. Gazteak dira eta kirol honek dituen modalitate desberdinak probatzen ari dira.
Ez al da gogorregia errepidean eta mendian ibiltzea?
Oso gogorra da. Bi modalitatetan entrenatzen dira eta hori oso gogorra da. Horretaz aparte, astero edo ia astero lasterketaren bat izaten dute, mendian ez denean errepidean. Badira bi modalitateetan jardun behar duten gazteak ere… Egun berdinean bi lasterketa izan ditzakete, kasu horretan, errepidean aritzen dira. Aurrerago errepidea edo mendia aukeratu beharko dute, biak batera uztartzea oso zaila baita.
Denboraldia luzeegia egingo zaie ziklista horiei?
Arrisku hori du bi modalitateetan aritzeak. Bakoitzak bere prestakuntza behar du eta denboraldi bukaerara fisikoki ondo ez heltzeko arriskua dago. Gazteak dira eta gustukoen duten modalitatea zein den jakiteko balio du honek. Aurrerago, errepidearen eta mendiaren artean erabaki beharko dute.
Lasterketetan lehiatzeaz aparte, zerbait lasterketa ere antolatu dituzue.
Bai, eskola kiroleko bi lasterketa antolatu ditugu, bat Arrasaten eta bestea Aretxabaletan. 10-12 urteko gazteek txirrindularitza zer den jakiteko antolatzen ditugu proba horiek.
Nagusientzako ere irteerak antolatu dituzue, ezta?
Bai. Aurreko urtean mendi bizikleta martxa antolatu genuen Aretxabaletan. Aurten ere uztailaren 3an Aretxabaletan egingo dugu irteera hori. Iaz moduan, bi zirkuitu desberdin egongo dira, lasaiagoa eta gogorragoa baina aurreko urteko ibilbidea aldatzea erabaki dugu. Irteera hauen helburua da gazteek bakarrik ez, bizikletan ibiltzea gustuko duten guztiek mendiko bizikletaz gozatzea. Aurreko edizioan 15 eta 60 urte bitarteko txirrindulariak izan ziren, guztira 95 partaide. Aurten kopuru hori gainditzea espero dugu.