Groenlandiara eta Hego polora joango da Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltzarekin batera

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 2a

Beste erronka bi izango ditu aurten Alberto Iñurrategik, oraingoan ere Vallejo eta Zabaltza bidelagun dituela. Groenlandia eta Hego poloa aldenik alden zeharkatuko dituzte. Bata, hi honetan, maiatzean; bestea, azaroan. 6.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte. Gaur aurkeztu dituzte espedizioak.

Kirol eskalada eta abentura uztartuko dituzte, muturreko baldintzetan bi lurraldeak zeharkatuz. TransAntartika2011 izena izango du egitasmoak. Naturgas, BBK eta BAT Basque Team-ek babestuko dute aurtengo proiektu hau.

Azkeneko urteotan Himalayan aritu izan da hirukotea; besteak beste, 30 zortzi milako baino gehiago dituzte hiruren artean. Oraingoan, ordea, "txipa aldatu" eta beste lurralde batzuk dituzte jomuga, erronka berrien bila. Abentura berri hau, edozelan ere, parentesi moduko bat dela adierazi dute gaurko aurkezpenean.

Groenlandia hegoaldetik iparraldera hamabost metro koadroko kometa batzuen laguntzarekin zeharkatu nahi dute; 2.300 kilometro, 40 egunean.

Hego poloko 3.700 kilometroak zeharkatzeko, ostera, 70 egun beharko dituztela esan dute. Igoeraren bat ere egin nahi dute, gainera, bai izotzetan, baita harkaitzean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak