Ainhoa Sagarribai, Aretxabaletako PSE-EEko alkategaia: "Ekonomia bultzatzeko enpresei lagunduko diegu eta herrira inbertsioa ekarriko dugu"

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko apirilaren 17a

Ainhoa Sagarribaik sinisten du udaletxetik jendearen bizitza hobetu dezaketela eta horregatik dago politikan. Uste du Aretxabaletaren premia nagusia ekonomia bultzatzea dela eta nahi du herriko lekurik garrantzitsuenetarikoa Kultura Etxea izatea, ezagutzaren ateak zabaldu eta pertsonen interesa eta sormena pizteko.

Soslaia

Ainhoa Sagarribai aretxabaletarrak 37 urte ditu eta zortzi urte daramatza politikan. Aitak, Angel Sagarribaik, lau legealdi egin ditu zinegotzi bezala Aretxabaletan, 1983tik, eta aitak ez omen dio inoiz eskatu politikan sartzeko. Hala ere, Ainhoa Sagarribai betidanik sozialista izan da eta alderdia hobeto ezagutu nahi zuenez, bera ere politika munduan sartu zen etxean betidanik politika bizi izan duelako. Ez dago ezkonduta eta kazetaritza ikasi arren, gaur egun aholkulari bezala dihardu.

 Zer eskaini nahi dio PSE-EEk, oro har, Aretxabaletari?

Aretxabaletako Udaletxean, gure herritarren beharrei aurre egiteko proiektu bat aurkezten dugu. Eta ziklo ekonomiko berri honetan gure helburua da gure udalerria lehiakorra izatea. Horretarako, inbertsio arloan, proiektu estrategikoei lehentasuna emango diegu eta ezingo dugu ahaztu ekonomia produktiboa gai sozialetara orientatzea, eta hala, aretxabaletarren bizimodua hobetzea.

Programaren ardatz nagusiak aztertuko ditugu jarraian, alorrez alor. Zer eskainiko diozue gazteriari?

Aretxabaletako sozialistak nahi dugu gazteen beharrei erantzuna ematea; arazo zehatzak dituzte eta neurri zehatzak behar dituzte. Gure lehentasuna da gazteen beharrak aintzat hartuta, harreman zuzena izatea udaletxe eta gazteen artean. Gazteen autonomia indartu eta euren bizimodua hobetu, solidaritatea eta berdintasunerako aukerak bultzatu eta gazteen partaidetza areagotu behar dituzten errekurtsoak eskaini. Etxebizitza eskuragarriak izateko aukera eduki dezaten. Euren ekintzailetasuna lortu dezaten laguntzak eskaini eta lanerako programak bultzatu nahi ditugu eta kulturara bideratu euren mugikortasuna, ohitura kultural eta kirolezkoak bultzatuta. 

Kultura kontuan hartuta, zer eskainiko diozue herritarrei?

Legealdi honetan lortu dugu Mondragon Unibertsitateak gure herrian ikus-entzunezkoen fakultatea jartzea; oraindik eraikina egokitzen ari dira baina oso garrantzitsua izango da. Bestalde, lortu behar dugu herriko lekurik garrantzitsuenetarikoa Kultura Etxea izatea. Ezagutzaren ateak zabaldu, eta pertsonen interesa eta sormena piztea da gure nahia eta kohesio sozialeko faktore gisa defendatzen dugu kultura. 


 Euskara aintzat hartuta, zer emango dio zuen alderdiak euskarari?

Egin zen ikerketa batean bi datu islatu ziren; alde batetik, Aretxabaletan euskara dakigun pertsona ugari gara baina, eta hauxe da kezkagarriena, nahiz eta ezagutu gutxi erabiltzen dugu gure artean. Adibidez, buruz ari naiz, ikerketan esaten zen gurasoek euren artean gaztelaniaz hitz egiten zutela nahiz eta euskaldunak izan eta umeekin euskaraz mintzatu. 14 urtetik aurrerako gazteak nahiz eta euskara ezagutu euren artean gaztelaniaz mintzatzen dira. Lehen denon ardura zen euskara ikastea, orain berriz, erabiltzea. Beraz euskararen erabileran zentratu behar gara, baina honetan denok dugu ardura. Euskara guztion ondarea da eta euskararen erabilera sustatzeko udal-planak izenpetuko ditugu, aurrerakortasun, adostasun eta eraginkortasuneko printzipioetan oinarritutako politika linguistikoa aplikatuz.

Eta kirolari dagokionez?

Kirol Etxea espero dugu urtearen bukaerarako prest egotea, agian urria edo azarorako, lehenago izaten bada primeran, baina gauzak dauden moduan ez dut uste. Lehen zeuden zerbitzuak baldintza hobean eskainiko ditu eta horiez gain,  berriak ere eskainiko ditu. Bestalde, Urkuluk potentzial asko dauka eta bien arteko konexioa edukitzea lortu izango bagenu…

Gizarte ongizateari dagokionez, berriz, zer eskainiko duzue?

Gizarte-ongizatearen arloari lehentasuna emango diogu, arlo horri herritarren premiekin bat etorriko diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskainita.

Hirigintza kontuan zer emango diozue herriari?

Aretxabaletak hirigintza aldetik proiektu garrantzitsuak ditu, 4A gunea birmoldatzea oso garrantzitsua izango da. Dena den, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia bultzatu beharreko da, hor erabakitzen da nola burutzen dugun Aretxabaleta aurrerantzean. Oso gai garrantzitsua da eta guztiz geldituta egon da legealdi honetan. Etxebizitza eskuragarria eta kalitatezkoa erosten laguntzeko erakundeen arteko akordioak bultzatuko ditugu.

Adinekoei dagokionez, zer eskainiko dio Aretxabaletari PSE-EEk?

Gizartean eta bereziki txikiekin harremanak izatea areagotu nahi dugu, horretarako, adinekoak txiki edo gazteekin aktibitateak egitea bultzatuko dugu, adibidez, umeei azaltzen desagertu daitezkeen jolasak, istorioak kontatu… Gizartean euren aztarna utzi behar dute.

Osasun etxea zaharren egoitza izandako eraikinera eroatea egoki ikusten duzue. Zergatik?

Aurreko zaharren egoitza oso leku egokian dago, oraingo osasun zentrotik gertu eta aretxabaletar guztiak ezagutzen dute. Bestalde, eraikin hori publikoa da, beraz, aretxabaletarren zerbitzura egon behar da. Osakidetzak dituen beharretarako nahikoa da, egia esanda, Osakidetzak ez du erabiliko eraikin osoa dakigunez. Beraz, beste zerbitzu bat eskaini dezakegu baita ere.

Droga menpekotasunaren gaineko ikerketa egiteko eskaera bideratu duzue. Nola doa kontua?

Martxoak 3an aurkeztu genuen mozio hori. Batzar batzuetan gai hau agertu zen eta entzun genuenean droga kontsumoa gorantz zihoala gazteagoen artean, izutu egin zigun. Inork ez du nahi bere herrian drogak egotea. Beraz, beharrezkoa da jakitea zein den zehatz-mehatz dugun errealitatea eta horretarako eskatzen dugu ikerketa hau. Honela, Aretxabaletan, dugun arazoa ezagutuko dugu. Neurri aproposak hartzeko errealitatea jakin behar da bestela irudipenak izan daitezke eta guk hau funtsezko gai bezala ulertzen dugu. Nola doan? Bada, osoko bilkura martxoaren 28an izan zen. Talde guztiek, Aralar izan ezik, alde bozkatu zuten. Eta orain zer egin behar dugun? Jakin badakigu, Udaletxeak, Eusko Jaurlaritzara ez duela ezer igorri. Idazkariak esan digu aste honetan igorriko dela. Espero dugu hala izatea. Bestela, atzeratu egiten bada ikerketa egiteko aukera galdu dezakegu eta hori onartezina da. Beraz, adi egongo gara.

Gazteendako lan programak ere bultzatu nahi dituzue...

Bai baina ez bakarrik gazteendako langabezian daudenentzako ere bai. Gazteek ezagutu behar dute euren lanerako inguruneak eskaintzen diena. Momentu horretan hartu behar dira erabakiak, ikasten jarraitu, unibertsitatera joan, lanbide heziketa. Presio askoko momentua da eta lagundu behar diegu behintzat aukerak euren esku jartzen. Bestalde, langabezian daudenak birziklatu egin behar dira lanera bueltatzeko eta horretarako laguntza eduki behar dute. Hori da gure nahia.

Zeintzuk dira herriaren premia nagusiak zure ustez?

Ekonomia bultzatzea, noski. Orain krisi egoeran gaude eta dena zaildu egiten da. Baina enpresei lagundu behar diegu eta inbertsioa erakarri. Berrikuntza eta teknologia berrien esparruan enplegua sorraraziko dute eta gure herrien ehun ekonomikoa eta enpresa-arlokoa zabalduko dituzten udalen aldeko apustua egiten dugu.

Herritik zer gustatzen zaizu gehien?

Uste dut jendea nahiko gustura bizi dela.

Eta zer da herritik gutxien gustatzen zaizuna?

Garraio aldetik oso komunikazio txarra daukagula. Aldundiak, Aretxabaleta guztiz ahaztuta dauka.

Zaborren kudeaketari buruzko zein eredu defendatzen duzue? Zergatik?

Sostengarritasuna gure alderdiarentzat oso gai garrantzitsua da eta betik esan dugu, bosgarren edukiontziaren sistema dela bikainena. Jendeak ezagutzen ditu edukiontziak, baita erabili ere, eta horregatik  bosgarren edukiontzia bultzatu nahi dugu. Birziklatzeko sistema egokia izateaz gain, gure kaleetan zaborrik ez egotea bermatuko luke, beraz higienikoagoa da eta jendeari askatasun handia ematen dio eta honetan baieztatu da aretxabaletarrak oso inplikatuta daudela eta eskertzekoa da.

Zergatik zaude politikan?

Udaletxetik jendearen bizitza hobetu dezakegula sinisten dudalako. Biztanleengandik gauden erakunde hurbilena gara. Gobernua eta Foru Aldundia jendeak urruntasunarekin ikusten dituzte gehienetan.

Zelako herria amesten duzu?

Herri lasai bat. Politikak presio larregi sartu du herrian eta pena da benetan.

Alkate irteten bazara, zein da egingo duzun lehenengo gauza?

Gardentasuna berreskuratu eta krispazioa gainditu. Aretxabaletak behar du euren zinegotziek ez izatea mesfidantza iraunkor bat bere gobernu taldearekiko. Gobernuan egon zaitezke edo ez, baina denok parte hartu behar dugu gure herriaren alde.

Beste zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrak eman nahi dizkiet aretxabaletarrei eskaini diguten bermearengatik. Eurak erabakitzen dute. Zabalik gaude euren eskaerak entzuteko, euren ordezkariak gara-eta. 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Nire kalea, txikitan kalean ordu asko igaro ditut jolasean.

Herritar bat: Denak. Denentzako lan egin nahi dugu. Denak dira garrantzitsuak.

Pertsonaia historikoa: Cristobal Colon, berak mundu berria ezagutu nahi zuen eta orain, agian lehen baino leku gehiago ezagutzen ditugu, baina mundu mentalitatea hartu behar dugu; denok berdinak gara.

Telebistako saio bat? Pelikulak eta telesailak.

Sare sozialetan ibiltzen zara. Non? Facebooken.

Irakurri duzun azken liburua? Las Rosas de Somerset, Leila Meachan idazlearena.

Egunkaririk irakurtzen duzu? El Diario Vasco betidanik.

Eta irakurtzen? Beste guztiei begirada bat ematen diet. Goiena paperarekin gehiago fidatzen naiz inguruko berriak agertzen direlako.

Interneten zertan ibiltzen zara? Informazioa bilatzen, posta ikusten eta sare sozialetan.

Telebistako saio bat: Los protegidos, El Barco, Águila Roja entretenitzeko aproposak dira. Eta albistegiak ere noski ikusten ditudala.

Ikusi duzun azken filma? La decisión de Anne, oso pelikula hunkigarria da.

Abesti bat? El secreto de las tortugas (Maldita Nerea) eta Peten Pan (El canto del loco).

Mania bat? Nik ez ditut ulertzen maniak bezala, ohitura moduan baizik. Kandelak eta intsentsuarekin telebista ikustea eta bazkaltzea gogoko dut; lasaitasun eta energia ikaragarria ematen didate.

Txoritxo batek esan dit bi liburu argitaratu behar dituzula, kontaiguzu. Bai, lotsa apur bat ematen dit, baina ilusioz nago. Datorren astean egongo dira dendetan salgai, hauek dira liburuak: El País del Arco Iris eta Pedacitos de alma.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak