Soslaia |
|
Kordobako Posadas herrian jaioa, 15 urte betetzear zituela etorri zen gurera, Bergarara, hain zuzen. 55 urte ditu, ezkonduta dago eta bi seme ditu. Oinarrizko ikasketak egin zituen –ez zuen bestelako aukerarik izan– eta Bergarako Udaleko errepide antolaketako teknikari moduan dihardu lanean. Ezker Batuak alderdia sortu zenetik da bertako kide, eta beti ezkerreko munduarekin egon da erlazionatuta, batez ere langileen ondoan. |
Zergatik dago Salva Gonzalez politikagintzan?
Galdera zaila da erantzuten. Oso gaztetatik nago politikan, izan ere, oso gaztetatik konturatu nintzen injustizia asko eta errepresio handia zegoela. Eta egun oraindik hala izaten jarraitzen du. Betidanik pentsatu izan dut munduan bizi garen guztiok gure artean hobeto molda gaitezkeela. Mundua alda genezakeela pentsatzen nuen baina urteak aurrera egin ahala, helburu hori lortzea zaila dela konturatzen zara. Egun aldaketarako beharrak hor jarraitzen du, izan ere, gure lurra desagertu egingo da gure bizimodua aldatzen ez badugu. Eta noski, Amalurraz haratago, gizakiok eragindako kalteekin amaitu beharra dago: gerrak, gosea... eta beste hamaika arazo. Oso pertsona konprometitua izan naiz beti; batzuetan oso aurreratua izan naiz eta horrek zenbait arazo sortu dizkit. Ezker Batuak-en egon aurretik sindikatuetan egon nitzen, beti langileengandik gertu.

Zer da Ezker Batuak-ek Aretxabaletari eskaini gura diona?
Ezkertiarrak garenez, pentsatzen dugu politika aldatu behar dela. Politikaren eredu klasikoa aldatu beharra dago, egun bizi dugun garaietarako ez duelako balio. Gure ardatz nagusia herritarren parte-hartzea izango da, Udala gobernatzerako orduan herritarra oso gertu egotea gura dugu. Adibidez, aurrekontuak zehazterako orduan herritarren iritziak berebiziko garrantzia du gure ustez.
Zein proiektu duzue Aretxabaletarendako?
Gure asmoa da sortzea langabetuendako elkarte bat, eurekin egon eta euren beharrak zeintzuk diren jakiteko. Bestalde, etxebizitzaren auziari dagokionez, gure lehen neurria izango litzateke Aretxabaletan egin behar diren etxebizitza guztiak alokairukoak izatea, eta alokairu horiek sinbolikoak izatea. Izan ere, gazteek ez dute gurasoen etxetik irteteko baliabiderik.
Euskarari dagokionez, euskara garatzea eta normalizazio egoera batera iristea aldarrikatzen dugu. Hala ere, kontuan izan behar dugu hemen errealitate eleanitza dugula, eta hori aintzat hartzea ezinbestekoa da kohesio kulturala lortzeko.

Kiroldegiaren auzia pil-pilean dago Aretxabaletan. Nola ulertzen duzue kirol eskaintza?
Kirola oso gustukol dut. 30 urte inguru daramat karate egiten. Karate eta tai txi irakaslea izandakoa naiz. Guk kirola doakoa izatea gura dugu. Badakigu zaila izango dela kirola doan egiteko aukera eskaintzea, baina hori lortzeko bidean egingo dugu lan. Kiroldegiaren auzia ez dakit zehazki nola dagoen; entzun dut kolokan dagoela. Kontuak kontu, herri kirolaria eta osasuntsua nahi dugu eta horretarako erraztasunak ematea oso garrantzitsua da.
Bestalde, zerbitzu sozialak oso garrantzitsuak direla uste dugu, are gehiago, krisi garai honetan.
Aparkalekuak buruhauste iturri dira, Aretxabaletan ere.
Gure politika izango da auto gabeko herria lortzea. Ondo antolatutako garraio publikoaren aldeko apustua egiten dugu baina oinarrian, kontzientziazio aldaketa eragin behar dugu. Izan ere, gure bizimodua aldatu behar dugu, garapenerako beste eredu baten oinarritu behar gara. Aldaketa horrekin batera herriko arazoak konpontzen joango dira. Izan ere, egungo bizimodua ez da batere erosoa; azkar eta estresatuta bizi gara.
Nola kudeatu gura dituzue hondakinak?
Aretxabaletan egoera nola dagoen aztertu behar dugu, hau da, aretxabaletarrek euren hondakinak nola kudeatu gura dituzten jakin behar dugu lehendabizi. Atez atekoak, adibidez, denetariko iritziak izan ditu. Guk arazoak ikusten ditugu eredu horretan. Izan ere, besteak beste, traba urbanisitikoak suposatzen ditu eta hori sahiestu egin behar da. Beste edukiontzi batzuk erabili, edukiontziok lurpera eraman... beste aukera batzuk egokiagoak direla uste dugu. Hala ere, gai horretan ere herriaren iritzia zein den jakitea ezinbestekoa da guretzat.

Euskaraz ikasteko erabakia hartu zenuen. Zergatik?
15 urte betetzear nituela heldu nintzen Euskal Herrira. Bergarako Udaleko langilea nintzenez perfil linguistikoa atera behar izan nuen. Bigarrena atera nuen lehena behar nuen arren. Duela 15 edo 20 urte izan zen hori eta eskerrak hizkuntzak ikasteko ez ditudala arazo asko, bestela...Hori bai, hizkuntza politikoa menperatzea oso zaila dela aitortu beharra daukat. Gainera, etxean, semeek euskaraz ikasi dute eta gure ohitura gazteleraz egitea bada ere, noizean behin egiten dugu euskaraz.
Alkate irtengo bazina zer izango zen egingo zenukeen lehen gauza?
Herriko elkarte ezberdinak batuko nituzke euren beharrak zeintzuk diren ezagutzeko. Hori izango zen, zalantza barik, egingo nukeen lehen gauza. Dei bat egin gura diet herritarrei; gertu gaude entzuteko eta ateak beti izango ditugu zabalik.
Nolako Aretxabaleta nahi duzu? Nolako Aretxabaleta amesten duzu?
Herri lasaia nahiko nuke, asko maite dut-eta lasaitasuna. Gainera, gure beharrez beteta dagoen Aretxabaleta nahi dut. Hau da, ez dugu luxurik eskatzen baizik eta bizitzeko behar dugun guztia izatea. Hori lortzen badugu zoriontsu izango gara.
Gertutik |
|