Ilustrazioa ikasten ari zara. Ez da oso ohikoa. Zer egiten duzue?
Ez da oso ohikoa, jendeak irtenbide gehiago edo lana errazago topatzeko balio duten ikasketak egiten ditu. Ilustrazioan, batez ere, marraztu eta marraztu egiten dugu. Lehenengo urtean teknika ezberdinak erakusten dituzte, baina batez ere eskuz margotzen genuen, metodo tradizionalean. Bigarren urtean gehiena ordenagailuz egiten dugu: animazioa, 3-D, maketatzeko programak...
Eskuz ala ordenagailuz nahiago?
Nahiago dut lanak eskuz egin, gehiago gustatzen zait. Eskuak zikintzea dibertigarria da. Ordenagailuz egitea ere gustuko dut, baina ordenagailuek buruhauste gehiago ematen dituzte...
Argazkilaritza ikasi zenuen lehenago. Gustatu zitzaizun?
Asko gustatu zitzaidan, baina guztiz ezberdina da. Biak ere sormena erakusteko balio dute, bakoitza bere modura, ilustrazioan ordu ugari pasa behar dira marrazten, probak egiten, bozetoak egiten... eta argazkilaritzan, ordea, begiratzen ikasi behar da, momentu egokiak topatzen, enkoadratzeak egiten... bi mundu ezberdin dira, baina biak zoragarriak; biak dira artea.
Bi ikasketetan ere zer da ikasi duzun garrantzitsuena?
Argazkilaritzan makinaren erabilpena eta iluminazio ezberdinak, eta begiratzen ikastea. Ilustrazioan, berriz, teknika ezberdinak ikastea oso garrantzitsua iruditu zait; baita bakoitzaren sormena paperean plasmatzen ikastea. Eta bietan ikasi dut oso garrantzitsua dela besteen obrak begiratzea, batzuetan kopiatzea.
Badirudi argi zeneukala artista izan nahi zenuela...
Bai. Txikitatik. Nire ondoan zegoen jendeak ere, familiak, bazekien. Nire nota onenak beti plastikan izan dira eta eskolako liburuak, askotan, etxeko lanez beteta egon beharrean marrazkiz beteta zeuden.
Ze teknika da gehien erabiltzen duzuna eta zein gehien gustatzen zaizuna?
Gehien erabiltzen dudan teknika akuarela da, baina gustuko dudan teknika collagea da. Oso gustuko dut margoak eta beste material batzuk nahastea.
Nola inspiratzen zara eta non?
Ideia gehienak gauean etortzen zaizkit, ametsetan nagoela. Autobusean noala ere ideia asko etortzen zaizkit burura. Inspirazioa, berriz, edonondik etor daiteke, baina gehienetan, besteen lanak ikusita, asko laguntzen du horrek.
Izango duzu zuk zeuk egindako lanen artean bat kuttunena...
Egin ditudan lan asko gustatzen zaizkit. Bat aukeratu behar banu oso zaila izango litzateke.
Arrasateko eta Aretxabaletako Aratusteetako kartel lehiaketak irabazi dituzu aurten. Ez dago batere txarto. Pozik?
Oso pozik nago. Horrelako sariek beti laguntzen dute.
Zer sari irabaztea gustatuko litzaizuke?
Oso zaila da, baina gustatuko litzaidake irabaztea, adibidez, Bilboko, Gasteizko, sanferminetako... lehiaketa. Sari horiek oso atseginak dira.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Non lan egin gurako zenuke?
Orokorrean, ez diot etorkizunari begiratzen. Etorri behar duena etorriko da. Dena dela, gustatuko litzaidake umeentzako liburuak ilustratzea. Hori esanda, eta elkarrizketa irakurtzen egon daitekeen edonorendako, nik datorren urtean azken proiektua egin behar dut eta asko gustatuko litzaidake nire proiektua horrelako liburu baterako lana izatea. Eta eskatzen hasi naizenez [Barre], aurten praktikak egitea tokatzen zait eta gauzak dauden moduan oso zaila da. Norbaitek mundu horretan kontakturen bat edukiz gero, eskertzekoa izango da nirekin harremanetan ipintzea.