Soslaia |
|
Inaxio Garro (Aretxabaleta 1963) politikan murgildu aurretik Euskadiko Kutxan ibili zen lanean, eta lehenago Eskola Politeknikoan irakasle. Aretxabaletako alkate moduan egin ditu azken lau urteak, eta jardun horretan jarraitu nahi du, Aretxabaletaren, eta aretxabaletarren alde lan egitea gustuko duelako. Urte hauetan proiektu handiak burutu dituzte herrian, baina amaitzeke geratu diren horiek amaitu nahi ditu. Arlo pertsonalean, futbol jokalari ohi –UDAn eta Mondran– egun korrika eginez asetzen du kirolerako duen grina: "Baina alkate naizenetik geroago eta gutxiago egiten dut, domeketan baino ez". |
Urte hauetan ze proiektuk bete zaitu gehien?
Hainbat proiektu egon dira, baina gehien bete nauena Urkuluko plan integrala izan da. Batetik, izan duen inbertsioagatik, eta bestetik, urte askoan utzita egon den ingurua izan delako Urkulukoa, eta orain oso ondo geratu delako, errekuperatuta. Herrigunera etorriz gero, Herriko plazan egin diren hornidura lanak ere garrantzitsuak izan dira. Herriko plaza dagoeneko ez zen herritarren bilgune, eta hori errekuperatu egin dugu. Eta azkenik, kiroldegia. Debagoiena mailan erreferente izango da, aretxabaletarrek puntako kirol instalazioak izango dituzte.
Herriko plaza aipatu duzu, orain hortxe batzen dira aretxabaletar asko eta asko.
Azken urteotan gorago batzen zen jendea, eta orain plazak garai batean izan zuen protagonismoa berreskuratu du. Etorkizunean, baina, esango nuke herrian jendea gune ezberdinetan batuko dela. Batetik, kiroldegiak jende asko gora eramango du. Herrigunean batuko dira beste batzuk, baina herriaren hasieran ere jendea batuko da, unibertsitateak eta Goienaren egoitzak lagunduko du horretan.
Zer geratu zaizu egiteko?
Pena handia ematen dit hirigintzako plan nagusia adostu barik utzi izanak. Gaur egun mahai gainean dugu aurrerakina, baina hauteskundeak datozelako dagoen horretan utzi dugu, eta hurrengo udalbatza osatzen denean erabaki beharko da onartzen den ala ez.

Zeren premia du Aretxabaletak?
Osasun zentro berria. Bertako arduraduna aspaldi dabil proiektu berri bat egiteko proiektua bultzatzen, orain daukaguna txiki geratu delako, eta baita zaharkitua ere. Datozen urteotarako izango dugun erronka nagusietako bat hori izan behar da, osasun zentro berri bat izatea, egungoa baino osatuagoa eta modernoagoa.
Horrekin batera, gaur egungo industri-gunea berritu egin beharko litzateke. Aretxabaletaren industrialdea orain dela 27-28 urte dela sortu zen, Oñatikoarekin batera Euskal Herriko lehenetarikoa izan zen, eta teknologia berriak oinarrituz beste enfoke bat eman beharko genioke.
Zer da Aretxabaletatik gehien gustatzen zaizuna?
Aretxabaletar gehienak.
Eta gutxien?
Herri honetan elkarbizitzari trabak ipintzen ibiltzen diren horiek. Eta, aprobetxategi lanetan ibiltzen diren beste batzuk.
Zergatik zaude politikan?
Neuk baneki... Seguruenik, Aretxabaletaren eta bertako herritarren alde lan egiteko bokazioa dudalako. Izan ere, goi mailako politikan ez dut horrenbeste sinisten, baina bai herri mailako politikan.
Zelako Aretxabaleta amesten duzu?
Labur esango dut, eremu guztietan iraunkortasunaren printzipioan oinarrituko den Aretxabaletan sinisten dut.
Alkate aukeratzen bazaituzte, zer da egingo duzun lehen gauza?
Lan kontuetan, behintzat, amaitzear dagoen agintaldian baino gobernu-talde egonkorragoa osatzen ahaleginduko naiz, desadostasun txiki batengatik berriro ere bakarrik gera ez gaitezen.
Batzarkide moduan ikusten duzu zure burua?
Eta zuek zelan enteratu zarete horretaz? [Barre] Zeharka etorri zait aukera hori, ni behintzat ez naiz horren bila joan. Egia da ez dudala oso ondo ezagutzen Batzar Nagusietako lan-funtzionamendua, baina aitortu behar dut gehiago erakartzen nauela alkatetzat batzarkide izateak baino. Izan ere, batzarkide izateak badu politika kutsu askoz ere handiagoa.
...pertsonala
|