Umeendako ekitaldiekin hasiko dute jai giroa arratsaldean: tailerrak plazan (17:00), gaztelekuko kideen laguntzarekin; erraldoiak eta buruhandiak gaitariekin (18:00); txistorra mokadutxoa ardoarekin, plazan, trikitilariek girotuta (19:00). Eta Korrikak ateratako materiala izango dute salgai.
Arkupeko Zaraia aretoan, ostera, Ain_1 musika talde arrasatearrak kontzertua eskainiko du (19:00). Eta gauean bertso afaria izango da Uratz Alde elkartean (21:30), Gazte Ekimenak antolatuta. Unai Iturriaga eta Miren Amuriza bertsolari bizkaitarrak izango dira afalordua girotzen.
11 kilometro salduta
Korrikaren lekukoa eguenean, hilak 14, iritsiko da gurera Aramaiotik bueltan (13:25 inguruan); Untzilla pasatuta San Antonio ermitan jasoko du lehenengo korrikalariak. Bost kilometro egingo ditu gurean, 1.632tik 1.637ra, baina 11 kilometro saldu dituzte; hona erosi duten taldeak: Udala; Aralar-UDA; Ezker Abertzalea; Murrukixo-Loramendi; Gazte Ekimena-Arteman; Aretxarte-Belar Meta; Herri Eskola; Arizmendi ikastola; emakume taldea; Copreci-Mondragon Assembly; eta Lanbide eskola. Guztien artean, herritarrak lagun, Ederlan lantegiraino eroango dute lekukoa eskoriatzarrei emateko.
Autobusa Donostiara joateko
Korrikaren bukaera jaialdira joateko autobusa antolatuko dute hilaren 17rako. Izena emateko Loramendira jo (udaletxe zaharra) eta 8 euro ordaindu. 09:00ak aldera aterako da autobusa eta 19:30ean itzuli.