Irakur Maratoiarekin bukatuko dute Literatura Astea Kurtzebarri eskolan

Mirari Altube Arrese 2011ko apirilaren 7a

Poesia lantzen jardun dute Kurtzebarri eskolako ikasleek Literatura Astean eta gaur, hilak 7, Irakur Maratoia egiten dabiltza. Bukaera ekitaldia egingo dute arratsaldean (18:00) Karmele Igartua poeta aretxabaletarrari omenaldia eskainita.

Aurtengo Literatura Astean poesia ezagutzeko eta harekin gozatzeko tartea izan dute ikasleek eta lan asko egin dituzte: olerkitxoak eta muralak egin, Pello Añorga idazlearekin jardun…

Irakasle, lankide eta lagun izan zuten Karmele Igartua poeta izan dute uneoro gogoan eta haren bi liburuak hartu dituzte lanerako abiapuntu: Hitzak orbainetan eta Denbora enaren hegaletan. Karmeleri eskainitako ikasleen lan asko daude ikusteko moduan eta atzo helioz betetako globoetan mezuak bidali zizkioten iazko abuztuan zendu zen poetari. "Oso aste hunkigarria izaten dabil, batzuetan gogorra ere bai, baina merezi du Karmelek, bai horixe, hau eta gehiago merezi du", jakinarazi dute Kurtzebarriko arduradunek.

Gaur 20. Irakur Maratoia egiten dabiltza eta eskolako areto nagusia irakurtzeko gune bihurtu dute. Egun guztian izango dira irakasle, ikasle eta gurasoak bertan irakurtzen, eta arratsaldean (18:00) asteari bukaera emango diote. Karmele Igartuari eskainitako omenaldi apal baina hunkigarriarekin agurtuko dute poesiari eskainitako Literatura Astea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak