Liburua izango da protagonista Arkupen, apirilean

Mirari Altube Arrese 2011ko apirilaren 1a

Apirilean liburua da protagonista eta Arkupen antolatutako ekitaldi gehienek horixe izango dute gogoan. Bihar, apirilak 2, Liburu bat, horixe altxorra! kontaketa izango dute umeek, hain zuzen Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta martitzenean, hilak 5, Kirmen Uriberen berbaldia, Arima baino ederragoa.

Gaurtik hilabetea bukatu bitartean Gabriel Garcia Marquez idazlearen Cien años de soledad obrari eskainitako erakusketa izango da Arkupen. Pablo Torrecilla ilustratzaileak (Madril, 1967) obra horren gaineko hausnarketa egin eta omenalditxoa eskaini gura izan dio ilustrazio bidez. Buendia familian oinarri duten  marrazki horiek El libro de las hojas muertas liburuan jasota ditu madrildarrak –200 ilustrazio baino gehiago zuri beltzean eta koloretan–, eta gaurtik aurrera gurean ere ikusgai daude 30 marrazki baino gehiago.

Kirmen Uribe martitzenean

Bihar, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean, Alberto Bargos kontalariak Liburu bat, horixe altxorra! eskainiko die 5 urtetik aurrerako neska-mutikoei, liburutegian (11:30). Liburu bat abenturaz betetako altxorra dela jakinaraziko die irakurle txikiei.

Eta helduek Kirmen Uribe poeta eta idazle ondarroarraren bisita izango dute martitzenean, hilak 5, Zaraia aretoan (19:00). Arima baino ederragoa ekitaldia eskainiko du, Bilbo-New York-Bilbo eleberriaren hainbat testuren irakurketa saioa.

Bestalde, hainbat film izango dira Zaraia aretoan. Gaur esaterako, Malko Gorriak ikus-entzunezkoa emango dute (19:00). Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eginda gerra zibila gurean zelan bizi izan zuten erakusten du: Bedoñako bizilagun baten atxilotzea, frankisten erasoa Untzilla aldean…

Gonbidapenak banatzen

Bestalde, merkatariak hasi dira Arkupeko ekitaldietarako gonbidapenak banatzen, Merkataritza kulturan blai! egitasmo barruan. Herriko 17 merkatarik egin dute bat horrekin, eta apirilean izango diren ikuskizunetarako gonbidapenak dituzte –gero sarrerengatik trukatzeko–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak