Ainhoa Sagarribai aurkeztu du PSE-EEk, "gardentasuna eta lidergotza ekarriko dituen alkategaia"

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 31

Aretxabaletako PSE-EEk Ainhoa Sagarribai (Aretxabaleta, 1974) alkategaia aurkeztu du gaur, hilak 31. Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidentea izan du lagun, eta alkategaiaren gainean esan du: "Proiektuak dituena, etorkizunarekin, konprometitua eta herriari onura ekarriko diona". Sagarribai zinegotzia da orain, Angel aitarekin batera.

Rafaela Romerok herritarrendako "benetako proiektuak" dituen alkategaia dela Sagarribai esan du. Oraingo gobernuak lidergorik eza eta fundamentu falta erakutsi dituela gaineratu du: "Eta horri aurre egitera dator Ainhoa. Gardentasun falta egon da eta ez da halakorik behar krisiari eta langabeziari aurre egiteko". "Egonkortasun bako gobernua eta zatitua" izendatu du Aralarrek osatutakoa eta ondorioz "proiektuak atzeratu" dituena, MUren fakultatea eta Copreciren handitzea, esaterako. Horregatik, PSE-EE Udal gobernuan egotea gurako luke herriaren alde lan egiteko.

Era berean, gogor egin du EAJren aurka Romerok, esanaz, Aldundiak baino gehiago egin duela estatuko gobernuak Aretxabaletaren alde, E-plana tarteko. Gainera, Debagoiena ahaztutako eskualdea dela gaineratu du: "Debagoiendarrek gipuzkoarrak izateko eskubidea dute eta garraioaren aldeko apustua egin behar da".

Lanerako ildoak

Sagarribaik orain arte egindakoak gogoratu ditu eta zein ildotatik joko duten argitu gero. Osasun etxea gainezka dagoela gogorarazi du eta zaharren egoitza izandako eraikinera eroatea dela egokiena. Bestalde, drogomenpekotasunaren gaineko ikerketa egiteko eskaera bideratu dutela argitu du: "Udal teknikariek kezka agertu dute drogomenpekotasunak gora egin duelako, eta neurri egokiak hartzeko lehenengo jakin egin behar da zein den egoera".

Sostengarritasunari dagokionez, bosgarren edukiontzia babestu du atez atekoaren aurretik, eta herriaren garbitasunean atzerantz egin dela jakinarazi: "Gainera, kaleak irristakor egoten dira". Kanposantuko alde zaharra berreskuratzeko ahaleginetan jarraituko dutela ere esan du, "Aralarrek interesik agertu ez badu ere". Eta gazteendako lanerako programak bultzatuko dituztela argitu du: "Udala agente aktiboa izan behar da eta horretarako industriak eta hirugarren zerbitzuak dituzten premiak ezagutu behar dira".

Suminduraz betetako agintaldia

Bukatzera doan agintaldia "suminduraz betea" definitu du eta arrazoia "gardentasunik eza" gobernuaren aldetik. Gezurrak, informazio falta, eta proiektuak geraraztea egotzi zizkion Inaxio Garro alkateari Sagarribaik, eta ez duela jakin erantzukizunak hartzen gaineratu.

Osasun etxearen proiektuaren gainean gezurretan ibili dela argitu du: "PSE-EEren gobernuari traspapelatu egin zaiola proiektua esanaz". Proiektu garrantzitsuak geldi egon direla gaineratu du, plan orokorra esaterako, "lau urtean hiru batzar eginda". Eta erradikalen mozioekin denbora galdu izana egotzi dio: "Gure obligazioa herriaren alde lan egitea denean".

Bestalde, kiroldegiaren lanek arduratzen dituela argitu du. Egin beharreko proiektu garrantzitsua izan arren 1.600.000 euroko desbideratzea agertu zela lanak hastean eta horren gaineko argibiderik ez dutela izan, "hilabeteetan informazioa ezkutatuz". Eta gogorarazi gura izan du E-planari esker proiektu mordoa gauzatu direla: Lausittako saneamendu lanak, bidegorriak…

Terrorismoaren deslegitimazioaren gainean ere gogor egin dio Aralarri, eta ETA ez/ETA no pankarta kendu izanarekin saminduta daudela esan.

Bukatzeko esan du helburuen artean hiru zinegotzi lortzea daudela, baina helburuak helburu "herriaren alde lanean jarraituko dutela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak