Mikel Uribetxeberria: "Langabezia murrizteko helburuarekin, eragile ekonomikoekin lantalde bat sortuko dugu, herrirako eredu ekonomikoa zehazteko"

Julen Iriondo 2011ko martxoaren 31

Arlo ekonomikoari garrantzia handia eman dio Mikel Uribetxeberriak, EAJren izenean Aretxabaletako alkate izateko hautagaitza alderdiko kide eta jarraitzaileen aurrean aurkezterakoan. Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak, berriz, euskal estatua sortzeko, herrigintza behetik gora, herrietatik hasita egin behar dela defendatu zuen.

Udal kudeaketari garrantzia handia emango diotela adierazi zuen Mikel Uribetxeberriak bere hautagaitzaren aurkezpenean. Gastua kontrolatzeko jarraipen zorrotza egitea agindu zuen, adibidez kirol etxea moduko inbertsio garrantzitsuetan. Behar sozialei erantzun beharra ere nabarmendu zuen.

Aktibitate berriak sortzeko aukerak identifikatu eta sustatu beharra ere aipatu zuen Uribetxeberriak, eta baita herri industrialdea biziberritzeko eta lurzoru industrial berriaren kudeaketa jasangarria egiteko asmoa ere.

Herritarrek Udala gertu sentitu behar dutela eta horretarako arreta zerbitzua martxan jarriko dutela esan zuen. Aretxabaleta Euskadin zabaltzeaz ere mintzatu zen, ingurune aproposa duelako, herria erakargarri egiteaz bertako nahiz kanpokoentzat: "Kultur ondarea, historia,...ezagutarazi behar ditugu, eta herriko baliabideak horretara zuzendu, plan integral baten bitartez; herriari bizitza emango lioke horrek".

Kultur eta kirol talde, merkatari,... denekin lotura estua eduki eta guztien indarra Udalarenarekin uztartu nahi du EAJren hautagaiak, herri dinamika sortzeko. Joseba Egibarrek eskerrak eman zizkien egungo hautagaiei, hautetsi izan direnei eta izango direnei, euren konpromisoagatik.

Euskal estatua izan daitekeena sortzeko lana herrietatik eta eskualdeetatik hasi behar dela esan zuen Egibarrek. Baita herri honek lidergo garbia behar duela eta EAJ horretarako prest dagoela ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak