Artelanak daude ikusgai Urkulun batxilergoko ikasleen eskutik

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 30a

Garaion elkarteko kideak gidari hartuta Arizmendi ikastolako (Almen gunea) 16 eta 17 urte arteko Aretxabaleta eta Eskoriatzako 54 ikasle izan ziren Urkulun atzo, hilak 29. Ura eta Urkulu bera gai hartuta hiru artelan egin zituzten eta bertan utzi ikusteko.

Euria lagun, eguraldi narrasa izan zuten goiz partean, eta Aozaratzako elizpera jo behar izan zuten artelanok egitera: "Urtegian egin izan bagenitu ikusgarriagoak izango ziratekeen, baina ezin", adierazi zuten antolatzaileek.

Ikastetxean landuta zekarten gaia ikasleek, hau da, gaia hautatuta eta zelan landu erabakita. Hiru lan egin zituzten taldetan banatuta: Urkulu urtegia eta kutsaduraren eragina –urtegia eta inguruak irudikatu zituzten, baita erratza eta pala handiak ere kutsadura jasotzeko–; urtegia egitean ur azpian geratutako baserriak; eta ura –ur tantak irudikatuta–. Naturak emandako osagaiak erabilita egin zituzten lan guztiak: abarrak, sokak, letxuga eta aza hostoak, buztina…

Auzolana sustatu eta artelanak bultzatu

Eguerdi partean, eguzki izpiak agertzen hasi zirenean, Aozaratzatik Goroeta auzora eroan zituzten artelanok, hegaztiak behatzeko dorrea dagoen gunera, hain zuzen. Lurrean jarri zituzten eta bertan egongo dira ikusteko hainbat egunetan.

Eguraldiak lagundu ez arren antolatzaileak pozik agertu ziren: "Helburuak dira auzolana sustatzea eta naturartea bultzatzea, hau da, artea elementu naturalak erabilita. Horrez gain, Urkulu inguruak duen balioa landu dugu, kutsaduraren eragina tartean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak