Juanan Cruz entrenatzaileak egindako aldaketek fruitua eman dute berehala: zelaira sartu bezain laster, ukitu zuen lehen baloia sareetara bidali du Iker Oruetak. 57. minutua zen. Oruetak ezkerkada bikain bat jo du arearen ertzetik eta baloia behetik sartu da, atezainaren eskumaldetik.
Ordiziak sailkapeneko azken postuaren zergatia azaldu du Ibarran. Itxura eskasa eman dute ordiziarrek eta etxeko atezainak ia-ia ez du lanik egin partidu osoan. Zelai erditik aurrera gutxitan egin dute bisitariek.
Aretxabaletari dagokionez, aukera aparta galdu du gaur gol gehiago egiteko. Epaileak ere zerikusia izan du horretan. 70. minutuan baliorik gabe utzi du Kermanen gol bat. Iker Oruetak area barruan errematatu eta erantzun bikaina eman dio Eguren atezainak. Kermanek erretxazea jaso eta baloia sarera bidali arren, atzelariaren jokoz kanpoko posizioa adierazi du epaileak. Ez zirudien Oruetaren errematea izan denean Kerman aurreratuta zegoenik. Jarraian, Beñat atezainaren aurrean bakar bakarrik geratzera zihoanean, Molina atzelariak garbi kendu dio baloia area barruan. Azken metroetara nekatuta iritsi da aurrelari aretxabaletarra. Eta 77. minutuan iritsi da bigarren gola. Guillenek buruz errematatu du area txikian Etxeberriaren erdiraketa ezin hobe bat. Martxa onean doa UDA, laugarren posturako bidean.