Alderdietako ordezkariak hasi dira joaten Basotxora galderak erantzutera

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 24a

Astelehenean izan zuten alderdi politikoetako ordezkarien lehen bisita Basotxo erretiratuen elkartean; EAJko kideak hurbildu ziren. Datozen egunetan EAkoak, Aralarkoak eta Sortukoak dira joateakoak. Aurrez bidalitako galderak erantzungo dituzte guztiek eta gero elkarrizketa mahaiak osatu erretiratuek.

EAJko hiru kide izan ziren: Mikel Uribetxebarria, alkategaia; Aritz Solupe, Aretxabaletako presidentea eta Jose Migel Uribarren. Aurretik bidalitako galderak erantzun zituzten 20 bat erretiraturen aurrean, eta ondoren, entzundakoak hausnartzeko elkarrizketa mahaiak osatu zituzten erretiratu horiek.

Elkarrizketa mahaien helburua erretiratuek elkarri berba egiten ikastea da, besteari entzuten jakin eta behar bezala erantzutea. Iaz hasi ziren lanean: lehenengo, egindako bidaien gainean jarduteko batzar batzuk egin zituzten, eta gero, alkateari deitu zioten hainbat azalpen ematera etor zedin. Arrakasta izan zuen iazko udaberrian egindako batzar hark eta ondoren bigarren bat egin zuten Inaxio Garrorekin, argi geratu ez zirenak azaltzeko.

Maiatzean Udal hauteskundeak direla aitzakia hartuta alderdiei deitzea erabaki dute oraingoan, herriaren gainean zein asmo dituzten ezagutzeko, eta batez ere, nagusien gainean duten iritzia jakiteko. Ekimenaren helburua ez da erretiratuak konbentzitzera etortzea, ezta elkarri konbentzitzea ere, iritzia ematea baizik. Hamabi laguneko mahaia osatu zuten astelehenean eta erretiratuen iritziak jaso zituzten bertan; akta hori EAJko kideei bidaliko diete orain.

Ondoren EA, Aralar eta Sortu

Beste alderdi batzuetako ordezkariak ere joango dira datozen egunotan: EAkoak, Aralarrekoak eta Sortukoak. Baiezkoa eman dute hirurek, baina data zehaztu barik daukate; hauteskunde kanpaina hasi aurretik izango dira.
PSE-EE eta Alternatiba ere gonbidatu dituzte, nahiz eta oraindik erantzunik ez jaso. Eta gainerako alderdiak ere –herrian ordezkaritzarik ez dutenak– gonbidatuta daudela jakinarazi gura dute Basotxoko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak