Lana bilatzen ikastaroa bi egunetan egingo dute (09:30-12:30): apirilak 6 eta 13. Bi urtetik gora langabezian daramatzaten herritarrak asko direlako antolatu dute, horiek motibatu eta zein jarrera izan erakusteko. Hona landuko dituzten gai batzuk: nola idatzi curriculum on bat; lana bilatzeko informazio iturriak; motibazioa; elkarrizketak gertatu; lan kontratu motak… Generando Nuevas Ideas enpresako kideek gidatuko dituzte eta Arkupe kultur etxean izango dira eskolak. Debalde da ikastaroa eta 15 lagunendako lekua dago.
Bestalde, Arropa Konponketa ikastaroa, josteko ezagutzak landu eta arropak konpontzen ikasi gura duten guztiendako da, baina lehentasuna izango dute langabeek. Apiril eta maiatzeko martitzenetan izango dira eskolak (09:30-11:30) Errekabarren kaleko Akelarre apainketak dendan. Josteko oinarrizko ezagutzak irakatsiko dituzte: etxeko arropak zelan konpondu –gortinak…– eta oinarrizko arropa konponketak –botoiak josi, frakak moztu, kremailerak aldatu…–. 10 lagunendako dago lekua eta 22 euro ordaindu behar dute horiek.