Arkupeko ekitaldietarako gonbidapenak banatuko dituzte merkatariek

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 16a

Merkataritza kulturan blai ekimena jarriko dute abian Udalak eta merkatariek apirilean. Horren berri eman zuten atzo, martxoak 15, eta iragarri Arkupen antolatutako ikuskizunetarako –kontzertuak, zinema, antzerkiak…– gonbidapenak banatuko dituztela bezeroen artean ekimenarekin bat egin duten merkatariek.

Iaz jarri zuen abian lehenengoz Udalak merkataritza eta kultura uztartzeko ekimena. Orduan 37 merkatari eta ostalaritza zerbitzuk hartu zuten parte. Oraingoan 17 izango dira, batzuk lehen ere bat egin zutenak Lie lurrindegia eta Rosi mertzeria esaterako, eta beste batzuk berriak, Santa Kurtz supermerkatua, tartean. Horren berri ematen duen eranskailua izango dute jarrita guztiek.

20 eurotik gorako erosketengatik

Merkatari horietako bakoitzak 30 gonbidapen jasoko ditu hilabetean, Arkupen egongo diren ekitaldi ezberdinetarako. Gonbidapen horiek 20 eurotik gorako gastua egiten duten bezeroen artean banatuko dituzte merkatariek, eta gero, sarrerengatik trukatu beharko dituzte Arkupeko harreran. Lehenengo gonbidapenak apirileko ekitaldietarako izango dira.

Gonbidapen horiek erabiltzen dituztenen artean zozketa egingo dute uztail bukaeran, eta herriko dendetan erabiltzeko bi bono banatuko dituzte.

Kulturara hurbildu, merkataritza sustatuta

Udalak kultura eta merkataritza uztartu gura ditu ekimenarekin. Hala, Arkupeko emanaldietara hurbiltzea herritarrak da asmoa; eta era berean, herrian kontsumitzea sustatzea, Aretxabaletan erosketak egitea sarituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak