Basotxoko erretiratuek ekintza mordoa egiten jarraitzea onartu du

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 15a

Joan den eguenean, hilak 10, egin zuen Basotxo erretiratuen elkarteak urteko batzarra, eta bazkide asko elkartu ez arren, urteko egitarauaren eta aurrekontuaren berri eman zieten zuzendaritzako kideek, 87.300 euro hain zuzen. Egindako bidaia eta ekintzak gogoratu zituzten eta aurrera begira ildo horretatik jarraitzeko asmoa agertu.

Xabier Urzelai presidenteak urtean egindakoen berri eman zuen lehenengo: sekula baino bidaia gehiago –Bilbo, Granada, Iratxe, Cadiz…–; urteroko ospakizunak; berbaldiak eta ikastaroak, tartean lehen sorospenen gainekoa; abesbatzak gero eta ekitaldi gehiago –Donostian, Gernikan…–; eztabaida mahaiak, tartean alkatearekin batzartu eta hark esandakoak hausnartzeko… Guztira 1.460 lagunek hartu dute parte. Eta 2011n ekintza horiek guztiak egiten jarraitzeko asmoa agertu zuten.

87.300 euroko aurrekontua

Horretarako beharko duten diru kontuen berri eman zuten gero: 87.300 euroko aurrekontua.

Hona aurrekontua atalka:

- Gastu orokorrak (eta inbertsioak, kanoia esaterako), 5.550 euro

- Bidaiak (egun pasako irteerak eta bidaia luzeak), 68.450 euro

- Kultura kontuak (elkarrizketa mahaiak, ikastaroak, kantu taldea…), 5.700 euro

- Mendi martxak, 100 euro

- Mahai jokoen antolaketa, 300 euro

- Ospakizunak (Santa Luzia eguna, Santo Tomas eguna…), 7.200 euro

Gastu horren zatirik handienari elkarteak berak egingo dio aurre; geratutako 6.800 euroko defizita estaltzeko Udalak 6.000 euroko diru-laguntza emango du eta La Caixak 800 eurokoa.

Zuzendaritza batzordean aldaketak

Bestalde, zuzendaritza batzordeko bi kidek urte bi egin dituzte jardunean, eta agur esan dute: Jesus Martinezek (idazkaria) eta Miguel Caberok (diruzaina). Horien ordez sartu dira: Ana Mari Iñurrategi eta Ciriaco Sandoval. Eta hona beste urtebetez batzordean jarraituko dutenak: Xabier Urzelai (presidentea), Itziar Errasti, Markeliñe Mendieta, Jesus Osinaga, Pedro Etxebarria eta Kontxi Romano.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak