200 bat lagun izan dira Urkulun zuhaitzak landatzen

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 14a

Eguraldia lagun, guraso eta ume asko joan ziren atzo, hilak 13, Urkulura zuhaitzak landatzera. Esandakoa baino zuhaitz gutxiago jaso zituen Udalak, baina taldetxoak egin eta gustura jardun zuten umeek eta gurasoek, aitzurrak eskuan, zuhaitzak landatzen.

Iraeban baserrian elkartu eta Markietegi baserri alboko guneraino joateko ibilalditxoa egin behar izan zuten ume eta gurasoek. Batzuk bizikletan, besteak oinez, trikitilarien doinuak izan zituzten lagun ordu erdi inguruko ibilalditxoan, eta paisaia dotorez gozatzeko aukera izan zuten guztiek.

Behin landaketa gunera iritsita Naturgintza fundazioko kideen argibideak eta laguntza jaso zuten. Esandako landare kopuruaren erdia jaso zuen Udalak eta 200 bat lagun elkartu ziren landatzeko gertu, baina taldetxoak egin eta inor ez zen geratu landare barik. Aitzurrarekin zuloak egin eta gereziondoak, arteak, urkiak, ametzak, haritzak eta hostazuriak landatu zituzten ume eta gurasoek; baita argazkiak atera ere, gero.

Egindako lana eskertzeko hamaiketakoa eskaini zien Udalak elkartutako guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak