86 zuhaitz landatuko dituzte domekan herritarrekin Urkulun

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 11

Zuhaitz Eguna egingo du Udalak domekan, hilak 13, eta iaz legez, Urkulu ingurua hautatu du zuhaitzok landatzeko. Ikastetxeetako ume, guraso eta gainerako herritarrei egin die deialdia ekitaldian parte har dezaten. Iraeban baserrian egin dute hitzordua (11:00) eta handik Markietegi baserri albora joko dute, landaketa egingo den zelaira.

Naturgintza fundazioko kideen laguntza eta aholkularitza izango dute bertaratzen direnek, eta Foru Aldundiak duen mintegitik ekarritako zuhaitzak landatuko dituzte. Iaz urtegi ertzean egin zuten landaketa eta aurten Markietegi baserri alboko lur eremuan izango da.

Guztira, 86 bat izango dira landatuko dituzten zuhaitzak, bertako espezieak guztiak, eta Naturgintzakoek egunean bertan gehiago ekar lezakete. Hona: haritzak, 18 (Quercur Robur); arteak, 15 (Quercus Ilex); ametzak, 18 (Quercus Pyrenaica); urkiak, 15 (Betula Alba); hostazuriak, 10 (Sorbus Aria); eta gereziondoak, beste 10 (Prunus Avium).

Horiek guztiak landatzeko, aitzurra eta pala hartu eta lanerako gertu dauden herritarrak beharko dituzte domekan. Eta egindako lana eskertzeko hamaiketakoa eskainiko die gero Udalak bertaratutakoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak