Iturrigorri pilotalekuan egingo dute II. Ixadebalde azoka

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 11

Bihar, martxoak 12, II. Ixadebalde merkealdien azoka egingo du Aretxarte elkarteak (10:00-20:00). 13 postu jarriko dituzte dendari eta ostalaritza zerbitzuen artean, eta Loramendi Elkarteak ere izango du tokia. Mitarte kalean egitekoak ziren, baina eguraldi ez egonkorra iragarrita dagoenez Iturrigorri pilotalekuan izango da.

Bigarren aldiz antolatu du Aretxartek merkealdien azoka eta elkarteko 11 dendarik beherapen handiak dituzten produktuak eskainiko dituzte bihar. Hona postuak jarriko dituzten dendak: Asensio, Zare, Belar Meta, Haurrak eta Kilima jantzi-dendak; Leintz mertzeria; Zubia zapata denda; Maria Jesus argazkilaria; Txilarra belar denda; eta Kioskoa. Horiekin batera egongo dira Gertu janari denda, jatekoa eskainiz; Orly taberna, edatekoarekin; eta lehenengoz, Brasileña kafetegia, kafe mota ezberdinen dastatzea eskainiz bezero eta bisitariei.

Loramendi Elkarteak ere jarriko du postua, elkarteak dituen produktuak eskaintzeko herritarrei. Gainera, apirilean ospatuko den Korrika 17 dela-eta sortutako materiala ere ekarriko dute. Bigarren azoka horretan egongo ez dena Aretxabaleta Kirol Elkartea da; kirol ekitaldi asko dituzte aste bukaeran eta ezin etorria agertu dute.

Eguna girotzeko, gainera, disko jartzaile bat izango da azokan. Eta bezeroen artean aste bukaera pasa joateko zozketa txartelak banatuko dituzte. Zozketa hori ilunkaran egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak