Komertzioa indarberritzeko ikastaroa egingo dute merkatariek

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 7a

Udaleko Enplegu Sailak Komertzio lokala indarberrituz ikastaroa antolatu du herriko merkatariendako. Hiru saio egingo dituzte, datozen hiru eguaztenetan (14:00-16:00), eta Bizkaiko Generando Nuevas Ideas enpresak bideratuko ditu.

Herriko merkatari eta ostalaritza zerbitzuei egin zieten ikastarorako gonbidapena, eta bederatzik eman dute izena: "Eguneroko lanean produktiboak ez diren ohitura eta jokaerak aldatzeko gertu egon eta gestio metodo eraginkorrak ezagutzeko gogoa dutenei bideratu diegu deialdia eta oso pozik gaude izandako erantzunarekin", jakinarazi du Enplegu teknikari Argiñe Larreak. Hala bada, eguneroko zailtasun eta arazoen analisia egingo dute lehenengo eta irtenbideak mahai gainean jarri gero. Hiru saioak bukatutakoan, bakarkako saio bat egiteko aukera ere zabalduko dute, ekintza plan pertsonalizatua garatzeko.

Merkataritzaren gaineko ikerketarako baliogarria

Ikastaroaren helburua herriko denda eta ostalaritza zerbitzuak indarberritzea bada ere, merkataritzaren gainean Udala egiten dabilen ikerketaren zati bat garatzeko interesgarria izango dela argitu du Enplegu teknikariak: "Enpresaritza fakultateko ikaslea egiten dabilen proiektuaren puntu bat garatzeko balioko du: herriko merkatarien eguneroko arazo nagusiak zeintzuk diren ezagutu eta irtenbideak diseinatzen joateko".

Hain zuzen egiten dabiltzan proiektu horren bukaera izango da herriko merkataritzari eta turismoari dagokion ekintza plan zehatza garatzea: "Horri begira, astean hasiko duten ikastaroak nondik nora jo argitzeko pista bat baino gehiago emango digula uste dugu" dio Larreak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak