Mozorrotu eta ondo pasatzeko gogoz datoz Aratusteak

Mirari Altube Arrese 2011ko martxoaren 3a

Mozorroei azken ukituak ematen dabiltza koadrilak eta herritarrak. Asko, Larrinbe inguruan dagoen industri pabilioian elkartu dira azken hilabetean gurdi, automobil, eta antzekoak gertatzeko. Betiko mozorroek eta burutazio orijinalek bat egingo dute domeka eguerdian gure kaleetan.

Aratuste jaiak gaur hasiko dituzte aretxabaletarrek Leizarra musika eskolakoek Karnabal Jaia aurkeztuta; egun handia, baina, domeka da.

Mozorrotutako koadrilen eguna da domeka eta eguerdiko kalejirak girotuko ditu bazterrak. Copreci lantegi ingurutik atera eta Araba ibilbidetik behera, Mitarte eta Durana kaleak pasatu, eta Errekabarrenetik Andramari auzuneari buelta emango diote, Herriko Plazan bukatzeko.

Kalejiran dabiltzanek mozorro lehiaketan hartuko dute parte eta bi taldetan sailkatuta banatuko dituzte sariak –bost bakoitzean–: 16 urtetik beherakoendakoak eta gorakoendakoak. Sariak banatzerakoan plazan bertan egon beharko dutela koadrilek iragarri dute Kultura Saileko kideek, bestela ez dute-eta saririk jasoko.

Hona Aratusteetarako gertatutako egitaraua:

Martxoaren 4a, egubakoitza

- 17:30, 'Karnabal Jaia' kalean musika eskolakoekin.


Martxoaren 6a, domeka

- 10:30, Diana txistulariekin.

- 11:45, Txino dantza, kalean.

- 12:00, koadrilen kalejira.

- 17:00, Erromeria, plazan.

- 17:30, kalejira Akelarre txarangarekin.

- 18:30, Mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.

- 19:00, Santa Ageda neska-mutilen dantza saioa.


Martxoaren 8a, martitzena


- 10:30 Ikastetxeetako umeen dantza saioa, plazan.

- 11:00 Kalejira La Najerana txarangarekin.

- 11:30 Umeendako mokadutxoa eta dantza.

- 16:00 Dantzaldia txarangarekin, plazan.

- 17:30 Buruhandiak.

- 18:00 Disko festa, plazan.

- 20:00 Txin-en hileta plazan, kintoek gidatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak