Mourinhok Aratusteetarako deia egin du

Mirari Altube Arrese 2011ko otsailaren 26a

Real Madrid taldeko entrenatzaile ezaguna izan dugu Txapel Txin egunean, Mourinho berbera. Aratusteak iragarri eta torrada lehiaketako irabazleen berri eman du herritarrez gainezka zegoen plazan.

Bapatean zirku taldeak Durana eta Mitarte kaleetan egindako kalejirarekin hasi dute Txapel Txin eguna, eta ondoren Mourinhoren bisita izan da. Karnabalen Lagunek antolatutako jaira oso gustura etorri da Mourinho, txapel eta guzti, baina kexatxo batzuk ere agertu ditu. Aretxabaletarrak gizenduta daudela bota du: "Pizzak banatzen dituzten motor asko ibiltzen dira...". Eta "Aretxabaletari kirol saria eman diotela jakin dut, kiroldegirik ere ez duenean" ere esan du.

Gero torrada lehiaketako sariak banatu ditu. 15 lagunek aurkeztu dituzte, bakoitzak 8 torrada, eta hona onenak egin dituztenak:

- 1. saria: Mari Corral

- 2. saria: Espe Perez

- 3. saria: Lierni Zangitu, Ane Garcia, Amaia Kortabarria eta Deiane Ugarte.

Aurten, gainera, txapel dotoreenarendako ere izan da saria (50 euro) herriko tabernen laguntzarekin. Iratxoen txano gorri-berdea zeukan Peio Caballerok jaso du hori.

Jaia bukatzeko torradak, txistorra eta sagardoa eskaini diete herritar guztiei Karnabalen Lagunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak