Agintaldiko balorazio positiboa egin du Aralarrek; gainerako alderdiek, ez

Mirari Altube Arrese 2011ko otsailaren 25a

Lau urteko agintaldia bukatzera doa eta Aretxabaletako alderdiek horren gaineko balorazioa egin dute. Inaxio Garro pozik azaldu da eta "agintaldia aparta" izan dela dio. Ez datoz bat gainerako alderdiak.

Garrok onartu du "agintaldi anormala" izan dela; batetik hauteskundeetan boto gehien jasotako alderdia legez kanpo utzi zutelako, eta bestetik, EArekin Udal gobernua osatu eta urtebete ingurura alde egin zutelako. Dena dela, "zailtasunak gainditu eta, gutxiengoan egon arren, gainerako alderdi politikoekin negoziatzen eta adosten dakigula erakutsi diegu herritarrei", dio alkateak.

Krisi ekonomikoaren eraginez, Austeritate Plana adostu zuten 2009an. "Hortik aurrera, gastuak zein inbertsioak kontu handiz eta zentzuz egin behar izan ditugu". Hala ere, kiroldegiaren lanekin aurrera egitea erabaki zuten agintaldiko aurrekontua baldintzatu arren: "Hasieratik genekien hori, baina aparteko apustua egin zen, kirol etxe zaharrak segurtasun eta irisgarritasun baldintzarik ez zuelako betetzen. Kontuan hartu behar da, gainera, 2.000 abonatu baino gehiago zeudela kirol etxean, eta kiroldegi berriarekin herritar askori zerbitzu duina eman nahi zaiela".

Poztasunak gehiago

Poztasunak gehiago izan direla dio Garrok: "Zorionez, askoz gehiago dira poztasunak nahigabeak baino: Udalak bultzatutako prozesu parte-hartzaileetan herritarrek izandako jarrera eta egindako ekarpen aberasgarriak; Herriko Plazak animazio eta giroan bilgune itxura berreskuratu izana; Unibertsitatea gurera ekarri izana; herritar askoren esker ona jaso izana…"

Eta bukatu barik utziko dituen artean dago Hiri-Antolamendurako Plan Nagusia: "Agintaldi hasieran abiatu genuen, eta plan horren aurrerakina martxoan osoko bilkurara eramateko asmoa izan arren, agintaldia amaitu aurretik ezin izango da behin betiko onartu".

Gainerako alderdien iritziak

Eusko Alkartasunako ordezkari Lore Martinezek uste du inprobisazioaren agintaldia izan dela: "Burututako ekintzak uneko beharretara mugatu dira, ez dutelako argi eduki etorkizuneko Aretxabaletaren ikuspegia".

EAJko Arritxu Olidenek dio aurreko agintalditik diseinatutako herri proiektuaren inertziaz jardun duela Aralarrek: "Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko ekimen urriak, lidergo falta eta eraginkortasun eskasa".

PSE-EEko Ainhoa Sagarribaik uste du egoera ekonomikoak markatu duela agintaldia: "Udalak proiektu ugari zituen egiteko eta hori guztia egiteko Espainiako Gobernuaren bi E Planekin lortu dugu dirua".

Alternatibako Tomas Fernandezek dio agintaldiak itzal gehiago izan dituela argiak baino: "Aralarren hitz aurrerakoiak ezerezean geratu dira".

Eta boto gehian jaso baina kargurik hartu ezinik geratutako Anjel Bergaretxek uste du gutxiengoan egonik ez dutela jakin izan akordioak lortzen: "Horren adibide hainbat talderekin izandako istiluak, eta aurtengo aurrekontuak euren boto bakarrekin onartu izana".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak