Iesbaa elkartekoak pozik herritarrek emandako erantzunarekin

Mirari Altube Arrese 2011ko otsailaren 24a

Sahararren eskubideen urraketen berri ematen duen El Problema filma ikustera herritar asko hurreratu zen martitzenean, hilak 22, Arkupera, eta Iesbaa elkarteko kideek eskerrak eman gura dizkiete guztiei. Bide batez gogorarazi dute astelehena bitartean egongo dela Hodeien seme-alabak erakusketa ikusgai.

Iesbaako arduradun Olaia Sagredorekin batera Jordi Ferrer filmaren zuzendarietako bat eta Juan Soroeta EHUko irakaslea izan ziren ekitaldian. Saharako gazte bat ere bertaratu zen eta filmaren ondoren ikusleen artean sortutako eztabaidari bizi-bizirik eutsi zion. Sagredo pozik agertu da sahararren eskubideen gainean hausnartzeko tartea hartu dutelako herritarrek: "Filmak sahararren benetako errealitatearen eta gatazkaren berri ematen du, eta horren gainean jardun zuten elkartutakoek. Iritzi ezberdinak ere agertu ziren, gerrara joan edo ez, esaterako". Arabia eta Afrikako hainbat herrialdeetan gertatzen dabilenaren inguruan ere egin zuten berba, eta nazioarteko legeek zer dioten argitu zuen Soroeta irakasleak.

Iesbaa elkarteak eskerrak eman gura dizkio Euskal Fondoari El Problema filma Euskal Herrian zabaldu duelako, Saharako errealitatearen berri emanaz euskal herritarren artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak