Arazoa ez dela berria aitortu dute Udal ordezkariek, baina "bai, azken aldian larritzen joan dena". Izan ere, bazter guztiak zikin-zikin eginda uzten dituzte, eta pilotan eta jolasean dabiltzanek ere zirina jasotzeko arrisku handia izan ohi dute. Zein irtenbide eman arazo horri aztertzen jardun dute azken asteotan, eta sarea jartzea erabaki dute azkenean.
Sare hori usoak sartzen diren parean jarriko dute, pilotalekuaren zabalera guztian; hain zuzen ere sabaiko argiteria fokuak dauden parean. Menchaca izeneko enpresari eman diote lanen ardura, eta Bilboko Miribilla frontoian egiten dabiltzan lanak bukatutakoan etorriko direla gurera jakinarazi dute. Jarraipena egingo diote gero arazoa behin betiko konpondu den jakiteko.
Birmoldatzeko asmoa
Goiko sarea jarri arren pilotalekua ez dute guztiz itxiko oraingoz. Hala ere, Iturrigorri birmoldatzeko egitasmoa lantzen dabiltzala aitortu du Inaxio Garro alkateak, eta proiektua egiten hasita daudela. Birmoldatze proiektu horren barruan pilotalekua guztiz ixtea, aldagelak egitea eta beste hainbat hobekuntza lan egongo lirateke.