Antzerki, dantza eta gitarra ikastaroa martxoan Loramendik antolatuta

Mirari Altube Arrese 2011ko otsailaren 17a

Hiru ikastaro iragarri ditu egunotan Loramendi Elkarteak martxoan egiteko: gitarra astintzeko oinarrizkoa; gaztetxoendako antzerkigintza; eta Larrin dantza. Kultur eskola barruan daude hirurak eta izenemate epea zabalik daukate.

Martxoko eguazten guztietan (18:30-20:00) emango dituzte gitarra eskolak. Igor San Juan musikari aretxabaletarra izango dute irakasle eta oinarrizko akordeak irakatsiko dizkie gitarra zaleei, baita abesti samur batzuk jotzen ere. Musika tresna, hau da, gitarra ikasleak ekartzea komeni dela esan dute antolatzaileek, baina izan ezean jakinarazi Loramendiko kideei eta lortuko dute. Izena emateko azken eguna otsailaren 25a, egubakoitza, da; bazkideek 10 euro ordaindu behar dute eta gainerakoek, 15 euro.

Martxoko egubakoitzetan (19:00-20:30), ostera, antzerki eskolak jasotzeko aukera izango dute DBHko gaztetxoek. Antzerkigintza ezagutu eta gorputz adierazpena landuko dute Iurgi Etxebarria aktorearekin, Arkupeko Zaraia aretoko taula gainean. Debalde da izenematea, eta azken eguna martxoaren 2a.

Eta martxoaren 11tik 25era bitartean Larrin dantza eskolak emango ditu Maialen Elortza dantzari aretxabaletarrak, egubakoitz (18:00-19:30) eta astelehenetan (19:00-20:30). Bost saio izango dira eta izenemate epea martxoaren 9an bukatuko da; bazkideek 10 euro ordaindu behar dute eta gainerakoek, 15 euro.

Argibide gehiago gura dituenak edo izena eman Loramendira jo dezala (16:00-20:00) –943 77 09 70 edo 685 75 67 29 eta loramendielkartea@gmail.com–.

Bertso afaria otsailaren 25ean

Datorren egubakoitzean, hilak 25, Hibai Gain elkartean egingo duten bertso afarirako txartelak salgai dituzte oraindik Loramendin eta Gurea tabernan. Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariak gonbidatu dituzte afarira eta giro ezin hobea sortuko dela ziurtatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak