Ez da izango herri bazkaririk Aratusteetan

Mirari Altube Arrese 2011ko otsailaren 15a

Aratusteak iragarriko dituen horma-irudia dagoeneko hautatu du Kultura Sailak. Zortzi lan aurkeztu ziren lehiaketara eta Izaro Sanchez aretxabaletarrarena izan da gustukoena. Bestalde, aurten ez dela izango herri bazkaririk Aratuste-domekan jakinarazi dute.

 

Aratusteak gertatzen dabil Kultura Saila azken asteotan, baita koadrilak ere, eta hainbat kontu izango dira herrian datozen asteotan; otsailaren 26an, zapatua, esaterako Txapel Txin eguna ospatuko dute. Azken urteotan legez ospatuko dute txapela buruan jantzita, eta hona egunean izango direnak: torrada lehiaketa (eta ondoren dastatzea, sagardo eta txistorrarekin batera); Bapatean zirku taldearen kalejira eta ikuskizuna; eta Aratusteetako pregoia.

Martxoaren 4an, egubakoitza, Leizarra musika eskolak Karnabal Jaia eskainiko du musika eta dantzak uztartuta.

Eta martxoaren 6an, Aratuste-domeka, koadrilen txanda izango da. Txarangak lagunduta kalejira egingo dute goiz partean mozorrotutako koadrilek. Aurten, baina, ez dute egingo herri bazkaririk. Azken urteotan Iturrigorri pilotalekuan egin izan dute, eta iaz hotz handia pasa zutela esan dute koadrilek.

Eta martxoaren 8an, Aratuste-martitzena, ikastetxeetako neska-mutikoek egingo dute kalejira eta dantzaldia Herriko Plazan, goiz partean. Arratsaldean, ostera, musika dantzan egiteko, buruhandiak eta Txin-en hileta izango dira Aratusteei agur esateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak