Poltsa horiek izei eta pinuen puntetan egiten dituzte beldarrek, eta punta hori erre egiten diete zuhaitzei. Gero poltsa horietatik beldarrak aterako dira, hilabete ingururen buruan, eta lurrean ilarak egiten dituzten beldar horiek arriskutsuak dira: hazkura handiak eragiten dituzte ukituz gero eta alergiak sor ditzakete. Horregatik hainbat herritar kezkatuta daude: "Gero umeak jolasean hasiko dira beldar ilarekin".
Aretxabaletako lorategien ardura duten Makai enpresako lorezainek onartu dute ugaritu egin direla poltsa zuri horiek, baita herri inguruko zuhaitzetan ikusten direla ere: "Lehen baino gutxiago fumigatzen dituztela pinu basoak pozoiarekin uste dugu. Gainera, negu gogorra egitea komeni izaten da horiek akabatzeko: izotza, tenperatura baxuak… Eta ez duenez halakorik egin ugaritu egin dira". Baina herriko lorazainek ezin dutela ezer egin argitu dute: "Herriko pinu eta izei horien gainera igo eta punta moztea da irtenbidea, baina horretan ezin gara hasi; arriskutsuak dira, gainera".