80 lagunek egin dute bigarren ibilbide historikoa

Julen Iriondo 2011ko otsailaren 12a

Loramendiren toponimia taldeak antolatzen ditu herrian eta inguruetan egiten dituzten irteerok, hauetako txokoak eta kontuak hobeto ezagutzeko. Izurieta, Ametza, Galartza eta Zaloña bisitatu dituzte gaur, eta uretzak eta karobia ikusi, besteak beste.

Izurietatik Ametzara bidean dauden bi uretzak; edo Izurieta Aurrekoa baserri inguruko karobia; han zirela jakin bai baina haiei lotutako historiaren berririk ez, edo jakin ere ez zirenik. Ba herriko inguruak eta haiei buruzko kontuak hobeto ezagutzeko helburuarekin egin zuten zapatu goizean Aretxabaletan Loramendik antolatutako bigarren ibilbide historikoa, toponimia taldearen eskutik.
Deialdiak erantzun aparta izan zuen, eta 80 inguru izan ziren Izurieta, Ametza, Galartza eta Zaloña inguruetatik ibilaldia egin zutenak, bidean, hainbat txokoren gainean, Jesus Osinagak emandako azalpenak jasoaz. Guraso gazteak umeekin eta baita jende heldua ere, denetarikoak batu ziren.

Pausoz pauso eta azalpenak bata bestearen ondotik, eguerdirako gosetxoa egin zuten ibiltariek, eta Galartzan geratu ziren hamaiketakoa egitera. Handik Zaloñara eta, iragarritako bidea luzeagoa zen arren, bertan hartu zuten berriz ere herrirako bidea.
Loramenditik eskertu gura izan zuten auzotarrek emandako laguntza –elizako atea zabalduz, adibidez–; baita toponimia taldeak egindako lana ere –ibilbideko hainbat elementu berreskuratuz–; bidea markatuta geratu zedin plakak egiten institutukoek emandako laguntza ere eskertu zuten, eta baita hitzordura hainbeste jende joan izana ere. Gisa honetako bigarren ibilbidea izan da hau; hirugarrena udaberrian egingo dute, Arkarazo eta Korueta inguruetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak