Lehenengoa Aretxabaleta herri ingurukoa izan zen, eta bigarrenarekin auzoak jasotzen dituzten ibilbideak gertatzen hasi da Loramendi. Herriko Plazatik, 82 kilometrodun harritik, irtengo dute (09:00) eta Izurieta aldera jo; bertako baserriak pasatu eta San Pedro apostoluaren elizaraino iritsiko dira. Azken asteotan konpontzen ibili diren karobia eta uretz iturriak erakutsiko dizkiete gero, eta Ametza auzunetxoa bisitatu.
Muru mendiaren altzora joko dute gero, Galartza auzora, eta Santa Luziaren omenezko eliza eta dorretxea ikusiko dituzte; baita bertako baserriak ezagutu ere. Bide erdian geldialdia egin eta mokadutxoa jateko aprobetxatuko dute hemen.
Ibilbideak jaso duen hirugarren auzoa, Apotzagaetxebarri da, eta bertan Salluente ermitako San Blas santuari egingo diote bisita. Auzoko baserrietatik pasatuta Aretxabaletara itzuliko dira.
Gidari lanak adituen eskutik
Hori guztia erakusteko Aretxabaletako kontuetan adituak diren hainbat lagun joango dira. Historia kontuak, galtzear dauden baserri inguruko berbak, istorio bitxiak, baserrien izenak eta esanahia… eta beste hainbat konturen artean egingo dute irteera.
Bigarren ibilbide hori jasotzen duen liburuxka dagoeneko etxean dute bazkideek eta bihar ere eskainiko dituzte Loramendiko kideek.