Ikerketa horren arabera Herriko Plaza eta Belorrieta auzunea dira argiztapen egokiak dituzten gune bakarrak, herriaren %3. Bestalde, industrialde inguruan, Gipuzkoa eta Gernika plazetan eta Loramendi kalean dagoen argiztapena ez da nahikoa, herriaren %8. Eta herriko gainerako kale eta guneetan argi gehiegi dago. Hala bada, herriaren %89an gehiegizko argiztapena dago energi eraginkortasunaren gaineko araudi berriaren arabera.
Herriko argiteria publikoa osatzen duten osagai guztiak begiratu dituzte, eta zera ondorioztatu: egungo argiteria publikoa ez dela eraginkorra; argindarra erregulatzen duten tresnek, koadroek, farolek eta argindar lineak mantenu lanak behar dituztela; eta eraginkortasun energetikoa ahalbidetuko duen sistema jarri beharra dagoela, %60 baino energia gehiago aurrezteko.
Potentzia murrizketa
Ingurumen zinegotzi den Joxe Anjel Antxiak arrazoi bi egon direla ikerketa hori egiteko argitu du: "Batetik arrazoi ekonomikoa, dirua aurrezteko neurriak har ditzakegun jakiteko. Eta bestetik, iraunkortasunari dagokion arrazoia dago, eraginkortasuna handitu eta energia kontsumoa murrizteko". Hala bada, herriko argiteria publikoan azken urteotan egindako egokitzapenak hori lortu guran egin dituzte: "Batetik farolak egokitu dira, ematen duten argi guztia aprobetxatzeko, zerurantz bota beharrean. Eta bestetik, argindarraren tentsioa erregulatzeko herrian ditugun koadroak egokitu ditugu. Lan horien guztien kostua handia izan da, baina gerora aurrezteko asmoarekin egin dira", argitu du Antxiak.
Aretxabaletan 27 koadro daude herriko hainbat gunetan banatuta argiteria publikoa erregulatzeko. Azken egokitzapen horiek eginda tentsioa egonkortzeko eta korrontea murrizteko aukera daukate. Tentsioa egonkortuta farolen lanparak eraginkorragoak dira eta bonbillen bizitza luzeagoa. Korrontearen erregulatzaileak, ostera, argiaren potentzia murrizteko aukera ematen du gura den ordu eta guneetan.
Udalaren asmoa da hainbat gunetan proba egitea potentzia hori jaitsita. Herrian dauden 27 koadro horietatik bostetan hasiko dira hain zuzen proba egiten. Herriko iparraldeko eta hegoaldeko sarrera inguruetan: Aretxabaleta-Arrasate eta Aretxabaleta-Eskoriatza artean dauden ibilbideetan.