Kepa Errastik kamera atzean egin duen lehen filma aurkeztuko du: 'Maritxu'

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko otsailaren 6a

Urduri dago Kepa Errasati aktore aretxabaletarra. Urduri, baina ilusioz beteta. Izan ere, datorren martitzenean herritarren aurrean aurkeztuko du bere lehenengo film laburra. 'Maritxu' du izena eta ama eta alaba baten arteko harremanaz dihardu.

2010eko maiatzean grabatu zuten lana, Aretxabaletan. "Aste bukaera batean grabatu genuen. Dena Aretxabaletan grabatuta dago: nire etxean, lagun baten baserrian, kalean...", azaldu du Errastik.

Harreman baten ispilua da

80 urteko emakume baten istorioa da. Konkretuki, emakume horren bizitzako egun bat kontatzen da filmean. "Istorio bat baino gehiago harreman bat da, harreman baten ispilua da. Ez dauka argumenturik", dio Errastik filma zeri buruz den galdetuta.
Lehenengo aldia da Errastik film labur bat zuzentzen duena. "Gidoigintza ikastaro bat egin nuen. Gidoi bat idatzi nuen eta irakasleak animatu ninduen gidoia pantailara eramatera", azaldu du aretxabaletarrak. "Zuzendaritza mailan nik baino gehiago kontrolatzen zutenekin kontaktatu nuen eta taldetxo bat osatu genuen", dio.

Telebistako aurpegi ezagunak

Pilar Rodriguez eta Olatz Beobide dira filmeko protagonista nagusiak. Ama eta alaba dira eta euren arteko harremana kontatzen du filmak. Bai Rodriguez eta baita Beobide ere aurpegi aski ezagunak dira gurean. Telebistan lan asko egindakoak dira. "Aktore profesionalak direnez beldur apur bat neukan, errespetua ematen zidaten; baina, konturatu naiz, lanean urte asko daramatenek ere euren beldurrak dituztela", azaldu du Errastik. "Pilarrek hasieratik esan zidan baietz, eta edozertarako gertu egon da. Olatzek, ostera, zuzendari lanean lagundu behar ninduen; baina, aktorerik bilatzen ez nuela ikusita berari eskatu nion eta pozik eman zidan baiezkoa", dio.
Aktore profesionalez gain, Aretxabaletako jendeak ere parte hartu du filmean: lagunak eta familia artekoak, gehienak. "Hamaiketakoarekin, bazkariarekin... hainbat gauza egiten lagundu zidaten. Izan ere, lan txikia izan arren, jendea kanpotik ekartzen duzunean ondo tratatzea gura izaten dituzu", esan du Errastik. Barrez gaineratu du "lehenengo aldian prest" egon direla, baina datozenetan ikusi egin beharko dela "laguntzeko prest dauden edo ez".

Martitzenean, aurkezpena

Hilaren 8an, martitzena, izango da film laburraren aurkezpena, 19:00etan Arkupen. Errasti bera han izango da eta aitortu digu dagoeneko urduri dagoela: "Etxekoek ikusi dute baina gainerakoek ez dute oraindik ikusi. Nik uste dut aretabaletarra izanda jendea animatuko dela ikustera", esan du. Film laburrak 12 minutuko iraupena dauka.
Lehenengo aldia izango da filma jendaurrean aurkeztuko dutena: "Ofizialki oraindik ez dugu estreinatu, bakarrik Lekeitioko zine jaialdian erakutsi genuen. Esan behar da, baina, zaila dela film labur bat saletan erakustea", azaldu du Errastik.
Aurrera begira Errastik espero du Maritxu film laburra debagoieneko beste herrietan erakusteko aukera ere izatea. Bestalde, esan du badaukala beste film labur bat egiteko asmoa: "Dagoeneko idatzita daukat gidoia. Nire asmoa izango litzateke udaberri amaieran grabatzea. Izan ere, hondartza baten kokatuta dago eta eguraldi ona beharrezkoa izango da grabatzeko!". Oraingoz, hurrengo hitzordua martitzenean izango du Errastik herritarren aurrean.

Baita Yera Sanchezen lanak ere

Aretxabaletako kultura sailak antolatu duen film labur emanaldian Yera Sanchez aretxabaletarrak ere eskainiko ditu bere lanak. Hain zuzen, Biontzat, Ermugarra, P.D. Ondo ibili eta Itsasora begira film laburrak eskainiko ditu.
Yera Sanchezek eskarmentu handia dauka zine munduan; izan ere, egin dituen film laburrekin hainbat sari irabazi ditu aretxabaletarrak.

Film laburren emanaldia hasiko da 19:00etan. Aretxabaletako Arkupe kultura etxean izango da, doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak