Loramendi Elkarteko Toponimia taldea dabil ibilbide historiko horiek egiten; lehenengoa, Aretxabaletan bertan kokatu zuten eta maiatzean aurkeztu, eta bigarrenarekin auzo inguruetako bideak jasotzen hasi dira. Hainbat erretiratu eta herriko kontuetan aditu daude Toponimia taldean, eta bideak berreskuratu ez ezik, historia kontuak ezagutarazi, galtzear dauden herriko berbak jaso eta beste hainbat konturen berri eman gura dute.
Toponimia taldeko kide horiek animatuta hainbat lagunek jardun dute lanean azken asteotan bigarren ibilbidea txukuntzen. Hala, Ametza auzoko karobi bat berreskuratzen ibili dira eta uretz iturriak konpondu dituzte. Lan horiek guztiak bukatutakoan, Izurieta, Ametza eta Galartza lotzen dituen bidean seinaleztapenak jarriko dituzte.