Inaxio Garro alkatearen esanetan, 2009-2011rako ezarritako irizpideak jarraitzen ditu eta 2008an onartutako austeritate edo herstura planarekin jarraitu dute: "Ahalegin handia egin dugu gastuak murrizteko eta inbertsioek gora egin dezaten; hala, %12 egin dute gora". Gastuek, ostera, behera egin dutela jakinarazi zuen: "Iaz aurrekontu osoaren %40 zen ondasun arruntei dagokien gastua eta aurten %34".
Inbertsiorik garrantzitsuena, aurreko urtean legez, kiroldegi berriaren lanak dira eta 3.700.000 euro jasoko ditu. Horrekin batera Urkuluko planarendako 636.00 euro bideratu dituzte; kiroldegi berriaren ekipamendurako, 300.000 euro; eta herriko hainbat lan egiteko –Iralabarri plazan jolas parkea– 60.000 euro.
Gainerako alderdietako ordezkariak ez ziren bat etorri alkateak esandakoekin. PSE-EEkoak kiroldegiko lanekin kezkatuta agertu ziren; EAJkoek, austeritate planean ahalegin handiagoa egin beharra aipatu zuten; EAkoek esan zuten, partidek azterketa sakona behar dutela; eta Alternatibakoak kontradikzioak antzeman zituen hainbat partidetan eta ezetza eman zion aurrekontuari.