Juanan Cruz entrenatzailearen debutean puntu bat eskuratu zuen UDAk

Edu Mendibil 2011ko urtarrilaren 31

Bigarren itzulia hasi berri, entrenatzaile aldaketa egin behar izan du ohorezko erregional mailako UDA futbol taldeak. Laneko arazoak tarteko, Rafa Barrutiak taldea utzi du eta Juanan Cruz aretxabaletarrak hartu du haren tokia.

Atzo egin zuen estreinaldia Juanan Cruzek eta puntu bat eskuratu zuen Aretxabaletako taldeak Oiartzunen aurka, Ibarran, bina berdindu ostean. Bere lehen partidua talde nagusiarekin urduri bizi izan zuela esan digu Cruzek. Jokalariek erakutsitako jarrera nabarmendu du: "Oiartzunek gure akatsak aprobetxatu zituen golak egiteko eta gure golak landutako jokaldien ostean iritsi ziren... Ez da erraza bi aldiz berdintzea eta are gutxiago 10 jokalarirekin. Ontzat ematen dut atzoko berdinketa".

Bi aldiz jarri zen Oiartzun aurretik markagailuan, eta jokalari bat gutxiagorekin (Kerman atzelaria kanporatu zuen epaileak 65. minutuan) berdinketa lortzeko gauza izan ziren aretxabaletarrak. Mikel Barberok egin zuen binakoa partiduaren amaieran. Aurretik, lehen zatian, Julenek sartu zuen etxekoen aurreneko gola.

Esan bezala, lana eta futbola tartekatzea gero eta zailagoa egin zaio Rafa Barrutia zaldibartarrari azken hilabeteotan eta aurreko astean zuzendaritzako kideekin bildu ostean, entrenatzaile aldaketa egitea erabaki zuen UDAko zuzendaritzak. Rafa Barrutiak sailkapeneko bosgarren tokian utzi zuen Aretxabaletako taldea. Joan den eguaztenean, arratsaldeko zortziak aldera, jakinarazi zioten Cruzi taldearen gidaritza hartuko zuela eta bi entrenamendu (eguaztenean eta egubakoitzean) besterik ez zituen egin jokalariekin atzoko partidua gertatzeko.

Derbia zapatuan

Orain, Juanan Cruzen eskutik, sailkapenean ahalik eta aurrenen amaitzea izango da helburua. Hirugarren mailara igoera lortzea zaila izango dela aitortu digu entrenatzaile berriak. Zapatuan, Agorrosinen, Bergara eta UDA izango dira aurrez aurre. Aretxabaletak puntu bakar bateko aldea ateratzen dio Bergarari. Bederatzi partidu galdu gabe egon ostean, Bergarak Tolosan galdu zuen atzo, 1-0.

Juanan Cruz aretxabaletarrak 32 urte ditu eta sei urte darama UDAko azpiko kategorietan entrenatzaile. Alebin eta kadete mailako taldeak zuzendu ditu eta iaz Igor Gordobilen laguntzaile jardun zuen talde nagusian. Aurtengo denboraldiaren hasieran gazte nazional mailako taldearen ardura hartu zuen. Aurrerantzean, Igor Arenazak eta Mikel Etxabek zuzenduko dute gazteen taldea. Atzo Danok Bat taldearen aurka galdu zuten Ibarran, 0-1. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak