Izurieta auzoko bidearen lanak hastear daude

Mirari Altube Arrese 2011ko urtarrilaren 28a

Uztailean esleitu zituen Bidegik Izurieta auzora doan bidea (GI-3132) konpontzeko lanak baina oraindik hasteko daude. Eibar-Gasteiz autobidearen lanek eragindako kalteak dira hain zuzen konpondu behar dituztenak, eta astean hasi dira materiala ekarri eta inguruak gertatzen. Hala ere, Udal ordezkariek ez dakite lanen hasiera data zehatzik.

GI-3132 errepidearen bide-zorua berrituko dute Campezo Construcción enpresako langileek, egoera eskasean dagoelako, eta horretarako bi hilabete beharko dituztela iragarri dute. Lehenengo inguruko bide bazterrak txukunduko dituzte garbiketa lanak eginda, baita ur arekak egokitu ere. Horiek guztiak egindakoan lur-zorua berrituko dute, eta bukatzeko seinaleztapen lanak egingo dituzte: marra zuriak margotu bidean, eta seinale bertikalak eta bidearen babesgarriak jarri.

Ez da Bidegiren eskuetan dagoen lan bakarra. Izan ere, GI-3920 (Aretxabaleta-Aramaio) errepide zatia konpontzeko lanak ere esleituta ditu uztailean Proyectos y Obras Pabisa enpresari. Langile horiek Basagoitiko bide-zubiaren eraikuntza obrengatik kaltetua gertatu zen zatiaren ardura izango dute, bidearen desbiderapena hain zuzen.

Bi lan horiek ia 800.000 euroko kostua daukate.

Oro auzoan bidea egiteko

Lanik garrantzitsuenak Bidegik zuzenean esleitu baditu ere beste hainbat egokitze lan Udalaren eskuetan utzi zituen iaz hitzarmen baten bitartez. Horien artean daude Ametzagako bidearen konponketa lanak; Apotzagaetxebarriko tunelaren irteera albotik Salluente ermitara doan bidearen hobekuntza; eta Egileor baserri osteko bideak egitea. Lan gehienak bukatuta daudela jakinarazi dute Hirigintza saileko teknikariek.

Oraindik egiteko dauden lanen artean Oro auzoan egin beharreko bidea dago. Lanak esleitzeko oinarriak gertatzen dabiltza eta egunotan egingo dute esleipenaren jakinarazpena: "Ostean hasiko dira lanak, baina eguraldiak zeresana izango du; izan ere, oso gune maldatsua da eta lur mugimenduak egin behar dituzte pista egiteko", diote Hirigintzako teknikariek. Bestalde, Egileor baserri inguruan egindako lanetan lur begetala bota eta landareak sartzeko dauzkate.

Udalak izan arren lan horien guztien ardura, Bidegik beregain hartuko du diru kostua hitzarmenean zehaztutako moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak