Kiroldegi berria udazkenean zabalik gura dute

Mirari Altube Arrese 2011ko urtarrilaren 24a

Kiroldegiko lanak aurrera doaz eta joan den astean izugarrizko egitura zatia jarri zuten: 40 tona pisatzen duen 50 metro luze eta 4 metro zabal den burdinazko habea. Kiroldegiaren estalkia izango denaren habea da eta burdinazko egitura horrekin bukatutakoan kantxa eta solariumarekin hasiko dira.

Lanak aurrera doaz, nahiz eta hasieran izandako zimendatze arazoen ondorioz hiru bat hilabeteko atzerapena izan eta diru kostua handitu: "Ekain ingururako bukatuta izan beharko lukete, baina arazo haren ondorioz irailean emango digutela eraikina bukatuta esan digute", argitu du Asier Muxika kirol teknikariak. Gainera, arazo hark hasierako proiektuan aldaketak egitera behartu zituzten arkitektoak, eta trinketa beharrean "erreferente" izango den rokodromoa izango du.

Kiroldegiari begiratuz gero oraindik lan asko dagoela egiteko dirudi, baina zailena eginda dagoela dio Muxikak: "Hori diote behintzat; porlanezko egitura eginda dago eta burdinazkoa ere jartzen dabiltza asteotan. Hala, bulegoak, igerilekua… eginda daude eta egiteko dagoena kantxa eta solariuma dira". Eta behin lan horiek bukatuta gremioen txanda izango da; iturginak, zoru-jartzaileak, argiketariak… hasiko dira barruko guztia txukuntzen: "Zalantza barik, horiek ere lan handia izango dute".

Rokodromo garrantzitsua

Kirol teknikariak jakinarazi du hiru atal dituztela kiroldegiko lanek: eraikinaren lanak; ekipamendua; eta kudeaketa. Eta hirurak dituztela abiarazita.

Eraikina Udalaren eskuetara pasatu ondoren jantzi egin beharko dute –bulegoak, kirol ekipamenduak…– eta horretarako hilabete pare bat beharko dituzte. Aurretik, baina, material hori erosteko lehiaketa deia egingo dute. Gainera, Debagoieneko eskalada taldearekin elkarlanean dabiltza behar bezalako rokodromoa diseinatu eta egokitzeko: "Trinketaren ordez zer egingo… eta inguruko eskalatzaileengana jo genuen euren iritzia jakiteko. Ganorazko rokodromo baten aldeko apustua egiteko konbentzitu gintuzten". Hala, ia 50 metro luze eta 6 metro garaiera izango du, eta ikasle hasiberrietatik goi mailara arteko Debagoieneko eskalatzaile guztiek izatea lekua da asmoa.

Bideragarritasun plana

Eta behin lan guztiak bukatuta hirugarren kontua kudeaketa da. Udal ordezkariek hainbat bilera egin dituzte zelako eredua gura den hausnarketa abiaraziz. Gipuzkoako kiroldegi berri askotan enpresa pribatuen esku utzi da zerbitzua, eta hori aztertzen dabiltza. "Oraindik ez dago inolako erabakirik hartuta, baina Udalak ez du ikusten lanpostu publikorik sortzea kiroldegi berri horretan", dio Muxikak. Ondorioz, hainbat enpresei bideragarritasun plana egiteko eskatu diete, kudeaketa nondik nora joan daitekeen jakiteko. Enpresa baten eskuetan uztea erabakiz gero lehiaketa bidez izendatuko du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak