Eguerdi partean (12:00) hasiko dituzte ekitaldiak etxafuegoak bota eta salda eskainita Azkena tabernan. Reggae musika lagun kalejira egingo dute eta ondoren bazkaltzera joango dira Mitarte plazan dagoen lokalera –Urkulu denda egondakoa–. 100 bat lagunendako babarrunak gertatuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Eta bazkalostea girotzeko jokoak izango dira: mus txapelketa; bolo txapelketa eta sokatira pilotaleku inguruan…
Arratsaldean, ostera, musika izango da protagonista eta Kanuto bera ere bai. Kontzertuak gaztetxean izango dira eta Aretxabaletako lau talde elkartuko direla iragarri dute, tartean, Crisis, Gazte Iraultza eta Matxinbrada. Hala bada, azken txanpa girotzen hasteko talde horietako baten emanaldia izango da (18:00) eta gero kalejira egingo dute, Kanuto deunaren irudia aldean hartuta. Ondoren jarraipena izango du kontzertuak gaztetxean (20:00) ospakizunez betetako egunari bukaera eman arte.