Kirol tasa hilerokoa da orain, eta ez urtekoa

Mirari Altube Arrese 2011ko urt. 14a, 15:04

Urte berriarekin batera aldaketak etorri dira Kirol Zerbitzuetan; orain arteko urteko kirol tasa kendu eta hileroko tasa jarri dute abian. Horren helburua da erabiltzaileei hainbat abantaila eskaintzea, tartean gura duten hilabeteetan ematea alta.

Aldaketaren arrazoia da "erabiltzaileari erosotasuna eta samurtasuna ematea". Hala zehaztu du Asier Muxika kirol teknikariak: "Administrazio lana asko gehituko zaigu, baina hileko kuotaren aldeko joera dago leku askotan eta horren alde egin dugu. Erabiltzailearendako erosoagoa da hilero tasa txiki bat ordaintzea, bapatean kantitate handi bat baino; eta abantaila da, gura beste hilabetetarako alta eman dezakeelako". Kiroldegi berria zabaltzerakoan ere hortik joko dutela zehaztu du Muxikak.

Matrikula ordaindu alta ematerakoan

Hilabetean ordaindu beharreko kuotarekin batera matrikula ezarri dute. "Alta ematerakoan ordaindu beharko dute matrikula. Alta eta bajetan gorabehera handiak ez izateko jarri dugu kopuru hori. Hala ere, 2010eko abenduan abonatuak zirenei ez diegu kopuru hori kobratu", argitu du kirol teknikariak. Gainera, aldaketak egin dituzte kobratzeko sasoian ere; lehen, hilabete bukaeran pasatzen bazuten ere banketxetik, orain hilabete hasieran kobratuko dituzte bai kirol tasa, bai kirol jarduerak, administrazio lanak errazteko.

Familia abonua eta norbanakoaren abonuarekin batera abonu murriztuak lehen bezala jarraituko du, hau da, %50eko murrizketa izango dute horiek. Hiru taldek izango dute abonu murriztua: langabeak –Inemeko ziurtagiriarekin–; ikasleak; eta gutxitu fisiko eta psikikoak. Bestalde, familia ugariek Gizarte Zerbitzuen bitartez lortu behar dute murrizketa. Asmoa da urte bukaeran itzultzea urtean zehar ordaindutakoaren erdia.

Muxikaren esanetan kirol abonuarekin ahalik eta zerbitzu gehien eskaintzea da asmoa. Hori horrela, orain arte saunan sartzea aparte kobratzen bazuten ere orain debalde izango da. Eskaintzen dituzten kirol jarduerak, ostera, KPI igo dira.

Aretxabaletako kirol abonuak

Familia abonua (18 urte arteko seme-alabekin):

- Ohikoa, 9,50 euro hilean

- Erroldatu gabeak, 10,45 euro hilean

- Matrikula, 12 euro

 

Norbanakoaren abonua (16 urtetik gorakoak):

- Ohikoa, 7,50 euro hilean

- Erroldatu gabeak, 8,25 euro hilean

- Matrikula, 10 euro

 

Abonu murriztua (langabeak, ikasleak eta gutxitu fisiko eta psikikoak):

- Ohikoa, 4,80 euro hilean

- Erroldatu gabeak, 5,28 euro hilean

- Matrikula, 6 euro

Debagoieneko kirol abonuak

Abonu hauek urtekoak dira.

Familia abonua

- Debagoienekoa, 206,25 euro

- Debagoienekoa (Arrasate plus), 305 euro

 

Norbanakoaren abonua

- Debagoienekoa, 148 euro

- Debagoienekoa (Arrasate plus), 197,20 euro

 

Abonu murriztua

- Debagoienekoa, 103 euro

- Debagoienekoa (Arrasate plus), 116,60 euro

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak