Kolore beroko paisaiak jarri ditu ikusgai Gurutze Muxikak Aretxabaletako Arkupen

Mirari Altube Arrese 2011ko urtarrilaren 13a

Areantza auzoan bizi den Gurutze Muxikak 18 margolan jarri ditu ikusteko Arkupe kultura etxeko erakusketa aretoan Koloreak izenarekin. Hilabete guztian egongo dira lanok ikusteko (aste egunetan, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan, 11:00-13:00), eta erosteko aukera ere badute herritarrek.

Beasaingo Garin auzoan jaiotako margolariak dagoeneko 20 bat urte daramatza margotzen. Oraingoan azken urtean egindako lanak jarri ditu ikusgai, paisaiak protagonista dituen lanak hain zuzen: basoak, Kurtzebarri inguruak eta auzo batzuk, tartean Goroeta eta Beasaingo auzo bat. Horiekin batera loreekin osatutako bodegoiren bat edo beste ere jarri du. Udazkeneko koloreak ditu gustuko eta lanok ikusi orduko igartzen da hori: "Kolore beroak daude margolan guztietan; elurra margotutako lanetan ere beroenak erabili ditut, grisa esaterako", azaldu du Muxikak.

Inpresionismoan kokatutako lanak

Arrasate margo taldeko kidea da eta hainbat irakasle izan baditu ere lagun, azken sasoian bakarrik dabil lanean: "Arrasateko taldean Luis Laskurain daukagu eta behar izanez gero berarengana jotzen dut". Inpresionismo korrontean kokatzen da eta argi dauka bilakaera izan dutela bere lanek azken urteotan: "Neuk gura bezala margotzen dut orain eta gero eta gusturago egiten dut lan", dio margolariak. Noraino iritsiko den bilakaera horretan ez daki, "sekula ez dagoelako jakiterik", baina ibilbide horretan jarraituko duela bai. Ordu asko eskaintzen dizkio margotzeari: "Egunero saiatzen naiz margotzen; eta beti ezin badut ere, pintzelak hartzen ditudanean behar duen denbora eskaintzen diot".

Eskainitako ordu guzti horien emaitza dira Arkupen dauden margolanak. Bigarren aldiz jarri du halako erakusketa Aretxabaletan: "Urte batzuk pasatu dira ordutik; udaletxeko ganbaran egon zen orduan eta oso herritar gutxik ikusi zuen, kanpotarrak gehiago izan ziren herritarrak baino". Oraingoan, ostera, dagoeneko jende asko pasatu da erakusketa aretotik: "Sortzaileak lanak erakustea du gustuko eta areto hau benetan aproposa da", eta oso pozik dago herritarrek egindako harrerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak