Orain dela bi hilabete hizkuntza ohituren gaineko inkesta egin zuen Udalak herritarren artean. Helburua zen kontsumitzerakoan, hau da, komertzio eta ostalaritza zerbitzuetara jotzerakoan aretxabaletarrek dituzten hizkuntza ohiturak ezagutu eta horren gaineko hausnarketa egitea. Inkesta hori 84 lagunek erantzun zuten.
Inkesta hark erakutsi du (erantzundakoek behintzat) aretxabaletarrak euskaraz sentitzen direla erosoen kontsumitzerakoan. Guztiak etorri dira bat lehenengo berba euskaraz egiten dutela, baita telefonoz ere. Era berean, gazteleraz erantzunez gero aurrean dutenak hizkuntzaz aldatzeko arazorik ez dutela jakinarazi dute, eta gazteleraz jarraitzen dutela. Hala bada, euskarari tinko eustea kosta egiten dela ondorioztatu dute inkesta aztertuta, "arazorik txikienaren aurrean gaztelaniara jotzen dugu, bakearen izenean. Ez dugu hizkuntzaren inguruko liskarretan sartu nahi eta gure aukera da Euskaraz bai baina konplikazio barik", diote Euskara Zerbitzuko arduradunek.
Horren guztiaren gainean jarduteko berbaldia antolatu du Euskara Zerbitzuak eguenerako, hilak 13, Arkupen (18:00). Egunero sortzen diren hizkuntza gatazkak zelan gainditu arrakastaz argituko dute Emun kooperatibako adituek egoera deseroso horietatik ateratzen lagunduko duten tresna eta baliabideak erakutsita.