Mondragon Assemblyk 10 milioi euroko eskaria lortu du Txinarako

Usoa Agirre 2010ko abe. 29a, 12:00

Mondragon Assembly kooperatibak bere historiako eskaririk handiena lortu du abenduan: eguzki panelak muntatzeko lanak automatizatzeko 20 tabber & stringer makina egingo dituzte Txinako enpresa batendako. Eragiketa horren zenbatekoa 10 milioi euro baino zertxobait gehiagokoa da. Makinak 2011ko azarorako egongo dira lanean Txinako enpresan.

Tabber & stringer ekipoak Mondragon Assemblyk Aretxabaletan duen lantegian egingo dituzte. Hori dela eta, datorren ekitaldiko lehen seihilekoan jarduera nabarmen handituko da. Proiektu hori esleitu izanari esker, Aretxabaletan enplegu berriak (12 pertsona inguru) sortuko dira, inguruneko tailer laguntzaileen kasuan jarduera handituko da eta Txinan salmenta ondorengo egitura jarriko dute abian.

Fakturazioak gora

Mondragon Assemblyk 2010eko ekitaldia 22 milioi euro baino gehiagoko fakturazio kontsolidatuarekin (Aretxabaletako lantegiko jarduera, Orangekoa -Frantzia-, Querétarokoa -Mexiko- eta Stockachekoa -Alemania- barneratuta) amaitzea aurreikusi zuen, 160 lagunek osatzen duten langile taldearekin. 2011. urtera begira, aurreikuspenen arabera, 35 milioi euro inguruko negozio zifra lortuko du kooperatibak; aurreko urteko datuekin alderatuta, igoera %40koa izango litzateke.

Beste bi makina

Era berean, eguzki panelen sektoreko beste enpresa garrantzitsu batek duela gutxi eskatu dio Mondragon Assemblyri Txinan dituen produkzio lantegietako baterako mihiztatzeko/soldatzeko beste bi makina (tabber & stringer) fabrikatzeko.

Kooperatibaren arabera bi eskari horiek beste merkatu garrantzitsu batzuetara sartzeko aurkezpen bikaina izango dira: Malaysiara, Brasilera, Indiara, Estatu Batuetara edo Kanadara, esate baterako (herrialde horiek nabarmen ari dira energia berriztagarrien aldeko apustua egiten).

Assemblyk azken urteotan salmenten %3 inguru inbertitu du produktuen eta zerbitzuen gama handitzen. Bilakaera horretan, funtsezkoa izan da Koniker ikerkuntza zentroarekin egindako elkarlana. Koniker ere Mondragon Taldearen baitan dago eta konformazioan eta mihiztaketan espezializatuta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak