Gazteria Zerbitzuak Algara ludotekarekin batera 8 eta 12 urte arteko gazteendako egitasmoa jarriko du abian aste bukaeran. Domekan, hilak 19, hasiera jaia egingo dute ludotekan, eta apirila bitartean domeka guztietan izango dute zereginen bat. Egitasmoa herriko gaztetxo guztiei dago zabalik, ludotekako bazkide izan edo ez.
Gazteria teknikari Maider Etxanizek uste du eskaintza gutxi dituen adin tartea dela 8-12 urte: "Lagunekin irteten hasten dira, baina neguan eguraldi txarra da nagusi eta ez dute izaten nora joan". Hori horrela, apirila bitarteko domeka arratsaldetan (17:00-19:00) ludotekan izango dute egonlekua hezitzaile bi lagun dituztela.
Jaialditxoa eginda hasiko dute etzi egitasmoa, eta gero Gabonetako oporretan irteera bi egiteko aukera daukate: 23an, eguena, Bilboko jolas parkera (09:30-18:30); eta 28an, martitzena, Gasteizko izotz pistara (15:30). Izena ludotekan eman behar dute abenduaren 21erako eta 10 euro ordaindu irteera bakoitza.
Urtarrilaren 9an, ostera, txantxa jolasak izango dituzte ludotekan eta orduan emango diete urtarrileko gainerako egitarauaren berri.
Umeendako egitaraua
Ludotekako erabiltzaile diren umeek hainbat ekintza izango dituzte Gabonetan: hilaren 24an, Gabon kantuan aterako dira kalera, ikastetxeetako kideekin batera (10:30, Herriko Plazan); 27an, ekintza berezia izango dute ludotekan bertan (17:00-20:00); 28an, izotz pistara irteera (7 urtetik gorakoak); eta 29an, Eskoriatzako parkera goiz pasa (4 eta 6 urte artekoak). Irteeraren bat egin gura dutenek izena aurrez eman behar dute ludotekan eta ordaindu.
Gaztelekuko ekitaldiak
Atxagazte gaztelekuko kideek ere hainbat ekintza egingo dituzte abenduko azken astean; jolasak, jaia eta irteera izango dituzte, eta urtarrilean ohiko ordutegia. Hona hitzorduak:
- Abenduak 17, 18 eta 19 (18:00), Opariak paperean biltzeko ikastaroa.
- Abenduak 23 (18:00), Sukaldaritza ikastaroa.Abenduak 27 Izotz pistara irteera. Izena aurrez eman behar da, gaztelekuan edo Gazteria Zerbitzuan.
- Abenduak 28 (18:00), Beldurrezko arratsaldea.
- Abenduak 29 (18:00) Jinkana jolasa.
- Abenduak 30 (17:00) Urte bukaerako festa eta kontzertua.