90 urte aurten betetako bederatzi bazkide omenduko ditu Basotxok gaur

Mirari Altube Arrese 2010ko abe. 13a, 10:40

Santa Luzia eguna ospatuko du Basotxo erretiratuen elkarteak gaur, abenduak 13. Aurten 90 urte bete dituzten bazkideak omenduko ditu ekitaldi apal baina goxoa eginda (17:00); zortzi emakume eta gizon bakarra dira.

Dantzariek ongi-etorria egingo diete lehenengo omendutakoei eta erretiratuen abesbatzak eta trikitilariek hainbat kantu eskainiko dizkiete gero. Ondoren opariak jasoko dituzte zuzendaritza batzordeko kideen eskuetatik eta ospakizuna bukatzeko txokolate beroa hartuko dute pastel eta guzti, Basotxoko egoitzan elkartutako bazkide guztiek.

Gaur omendutakoak

1920an jaiotako bederatzi bazkideri egingo diete omenaldia gaur. Hona: Anunciacion Perez; Baldomera Mendizabal; Anastasia Carrasco; Valentin Etxebarria; Mari Carmen Axpe; Tomasa Dominguez; Isidora Garzia-Etxabe; Maria Dolores Armentia; eta Maria Unanue. Guztiek dituzte beteta 90 urte, batek izan ezik; Maria Unanuek domekan, abenduak 19, egingo ditu. Basotxoko kideek uste dute gehienak izango direla ekitaldian.

Santo Tomas eguna

Ez da abenduko ospakizun bakarra, hilaren 21ean Santo Tomas eguna ospatuko dutelako Basotxoko kideek. Azken asteotan jokatzen dabiltzan mus txapelketako finala egingo dute lehenengo, eta gero, II. Kantu eta Narrazio txapelketako sariak banatuko dituzte. Ekitaldi horretan, gainera, iazko kantu txapelketan saria eskuratutako Emilia Murillo omendu gura dute. 20 abesti eta 14 erromantze grabatu zituen berak eta handik laster zendu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak