Resu Abasolo: "Hezkuntzako balioak politikan ez zirela aplikatzen ikustea dezepzioa izan zen"

Aretxabaletako udaletxean egindako sasoiaren gainean ez dauka oroitzapen onegia Resu Abasolok (Aretxabaleta, 1958); "oroitzapen gris-iluna daukat" dio. Kurtzebarri eskolan 31 urtez lanean egon ondoren, Gasteizen, Hezkuntza Ikuskaritzan hasi da aurten. Gizonarekin batera aspalditik ari da Atzegi elkartearekin lanean, eta Durana kalean duten egoitzan berba egin genuen berarekin zapatu goizean.

Zergatik oroitzapen ilun hori?
Batez ere heziketan, urtetan ikasitako edo bereganatutako hainbat balio (guztiekin lan egin, inor atzean ez utzi, talde onura bilatu...) politikan aplikatzen ez zirela ikusi nuelako. Fede osoa daukat balio horiengan eta dezepzioa izan niretako, horien ordez, tentsioa, amorrua edo elkarri aurka egitea ikustea. Luze egin zitzaidan udaletxeko agintaldi hura, 1991tik 1995era bitartekoa. Asko sufritu nuen udaletxean aurkitu nuen tentsio-giroarekin. Gauzarik onena ezagututako jendea izan zen, siglei erreparatu barik, oraindik ere hurbileko sentitzen ditudalako.
Nolatan eman zenuen politikan hasteko urratsa?
Baneukan inguruan aurretik udaletxean ibilitako lagunak, gizona tartean. Esperientzia aberasgarria zela esaten zidaten guztiek. Nik ez neukan hain garbi, baina konfiantzazko lagunek aurkezteko konbentzitu ninduten azkenean.
Sasoi hartan oposizioan lan egitea tokatu zitzaizuen EAJkoei...
Bai, EA eta HB ziren udal gobernuan; lehenbiziko bi urteetan Pedro Mendieta izan zen alkatea eta ondoren Aitor Antxiak ordezkatu zuen. EAJko hiru ordezkariak oposizioan ginen. Ni euskara batzordean nenbilen eta euskara ez zen orduko gai izarra...
Udaletxea barku bat moduan ikusten nuen, guztiok egin beharko genuela arraun norabide baten. Baina zer egin baino zeinek egin, horrek du garrantzia. eta ondokoari traba jartzen bazaio, hobe. Gaur egun ere politika ulertu barik jarraitzen dut, desengainua hartu nuen orduan.
Orduan herrian egindako egitasmoren bat nabarmentzekotan?
Aurreko agintaldien inertziaz-edo, hirigintza planek gehiegizko garrantzia zeukaten, ordurako iparra galtzen hasi ginela uste dut. Etxeak, azpiegiturak, eraikuntzak ziren aurrerakuntzaren adierazgarriak; pertsonengan, herritarrengan ez zen horrenbeste inbertitzen. Nire kezka hori da: zer erakutsi diegu atzetik datozenei? Kontsentsuetara iristeko metodorik lantzen edota atzean daudenei lehentasuna ematen erakutsi diegu?
Nola ikusten duzu Aretxabaleta gaur egun?
Herri polita daukagu eta baserri ingurua aparta da, bereziki ingurukoek zaintzen dutelako. Baina gutxi inbertitzen da pertsonetan. Esaterako, Arkuperekin asko animatu da giroa, baina nola egon daiteke liburutegia itxita edo ordutegi murritzagoarekin uda partean? Herritarrak lanean jartzea falta da, kirolean neska-mutilen berdintasuna suspertu... Bestetik, ikusten da hezkuntza ez dagoela lehentasunen artean, espaziorik gabe geratu delako. Partaidetza ere ez dago momenturik loratuenean... Niretako osasuna eta hezkuntza izan behar dira lehentasunak. Herritarren hobekuntza bilatu behar da beti, horrek du garrantzia gehien.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.