Paperean gera ez dadin, akordio honi jarraipena eman eta jendearengana hurbiltzeko, sozializatzeko, herrietara ekartzea beharrezkoa ikusi dute. Horregatik jarri dute martxan ekimen hori gurean.
Zer da Gernikako Akordioa?
Bakera eta normalizaziora gerturatzeko printzipio eta metodologia jasotzen duen akordioa da. 28k –alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial– osatutakoa hasieran, baina beste eragile batzuk gehitzen ari zaizkiona.
Zeintzuk dira akordioaren helburu nagusiak?
Helburua biolentziarik gabeko eta eskubide urraketarik egongo ez den eszenatokia eraikitzea da, eta, modu horretan, elkarrizketa politikoari eta aterabide demokratiko bati bidea egitea.
Eta zein da akordioaren edukia?
Bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapena lortu beharko da, laburtutako zortzi puntu hauetan oinarrituta:
1. ETA erakunde armatuari egindako eskaera zehatza: su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria (Nazioarteko Komunitatearen partetik).
2. Espainiako Estatuari euskal herritar guztien eskubide zibil eta politikoak aitor eta errespeta ditzan egindako eskaera: Alderdien Legea bertan behera uztea.
3. Mehatxu, tortura eta jazarpenak desagerrarazteko konpromisoak.
4. Preso politikoen aurkako jarrera mendekuzalea bukatzea: Euskal presoak Euskal Herrira!; Parot doktrina bertan behera; gaixo larriak kalera; eta hiru laurdenak beteta dituztenak kalera.
5. Jarduera politikoagatik epaitutakoen prozesu judizialak berraztertzea.
6. Epaitegi eta salbuespeneko legeak indargabetu eta inkomunikazioa desagertzea.
7. Militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko debekuak desagertzea.
8. Nazioarteko eragileen parte-hartzea sustatu, giza eskubideen urraketarik egongo ez dela egiaztatzeko.
Gutxieneko demokratiko horiek gatazka konponduko duen prozesua abian jartzeko ezinbestekoak dira. Ondoren, elkarrizketa eta negoziaziorako guneak zabalduko lirateke, Mitchell Printzipioetan oinarrituta, biktima guztiak erreparatuaz…
Aretxabaletan nola gauzatuko da Gernikako Akordioa?
Zenbait ekintza prestatzen ari gara herritarrok informatu eta parte har dezaten, denon inplikazioa behar-beharrezkoa delako honek aurrera egin dezan. Hona aurreikusi ditugunak: abenduaren 14an, martitzena, herriko elkarteak hitzaldi informatibo batera gonbidatuko ditugu Arkupera (19:00), Gernikako Akordioa zer den azaltzeko. Abenduaren 15ean, eguaztena, Gernikako Akordioaren informazioa banatuko diegu herritarrei kalean. Eta aurrerago, ekitaldi handiagoa egingo genuke, herritarren partaidetza bermatu eta atxikimenduak jasotzeko.
Bukatzeko, Gernikako Akordioaren sinatzaileok bake eta normalizaziorantz gerturatzeko aurrean daukagun aukera ez galtzeko dei egin eta antolatuko diren ekintzetan parte-hartzeko gonbita egin nahi diegu herritarrei.