Urkuluko bidegorriaren bigarren zatiko lanak hasita daude

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 29a, 11:16

Urkulu urtegia inguratuko duen bidegorriaren bigarren zatiko lanak hasi dituzte egunotan. Sasoi eraikuntza enpresak egingo ditu, hain zuzen lehenengo zatia egin zuenak. Eta eraikitze lanei hasiera emateko ingurua gertatzen dabiltza, hau da, urtegi inguruko hesia kentzen.

Etxaluze baserri ingurutik, hau da, urtegiko ibilbidearen sarreratik, Areantza auzoko bidegurutzeraino joango da bigarren zatia –eginda dagoenarekin bat egin arte–. Urtegi albotik egingo dute, errepideari zati bat kenduta. 355 metro luze izango ditu eta lanak 125.560 eurotan esleitu dituzte –Aldundiaren eta beste erakunde batzuen laguntzekin.

Itxura berdina

Bigarren zati hau eginda dagoena baino estuagoa izango da. 2,60 metro zabal izango ditu errepideari ezin diotelako gehiago kendu. Hala ere, aurrekoaren itxura berdina hartuko du, hau da, gorri kolorea daukan mikroaglomeratuzko lurzorua eta baranda berdinak bide guztian: bata itsuendako gida-lagun eta bestea gurpildun aulkian doazenendako.

Areantzako bidegurutzetik Goroeta auzoraino doan zatiaren lanak uda partean egin zituzten eta oraindik seinale eta argibide panel batzuk jarri barik egon arren zabalik dago.

Mantentze lanetarako laguna

Urkulu egokitu bakarrik ez, zaintzea ere gura du Udalak eta horretarako lagun bat hartzekotan dabil. Urtegi inguruko mantentze lanak egingo ditu horrek eta bertako baserritarren bat izatea gura dute. Lan horietarako beharrezko makinak erosiko ditu Udalak eta langilearen kontratazioa Eusko Jaurlaritzarekin dabil negoziatzen. Asmoa da hitzarmena sinatu eta lehenbailehen hastea lagun bat lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak